Apirilaren 4an zen libre geratzekoa Oier Oa euskal presoa, baina haren defentsak ohartarazi du Frantziako auzitegiak mezu kontrajarriak bidali dizkiola. Parisko Dei Auzitegiak debekatu egin dio libre geratzean Frantziako Estatuan egotea, eta Versallesko Dei Auzitegiak, ordea, uko egin dio Oa Espainiaratzeari. Hori horrela, Paris ondoko Yvelines departamenduko Saint-Germain-en-Laye herrian finkatu diote obligaziozko bizilekua, Larresoron ezarri beharrean.
Erabaki horrek "irregulartasunak" dituela uste du defentsak, eta helegitea iragarri du. "Boterekeriaz" jokatu delakoan, Parisko Administrazio Auzitegian aurkeztuko dute errekurtsoa. Epaileak onartuz gero, bertan behera geratuko litzateke Oari bizilekua Paristik gertu ezartzeko erabakia.
Defentsak salatutako irregulartasunen artean dago prefetak ez diola leku zehatzik ezarri bizileku gisa; hala egin behar dela dio legeriak, abokatuaren arabera. Senideak eta lantokia Euskal Herrian dituela-eta, Oari Larresoron bizitzea onartzea nahi du defentsak.
Haren egoera salatzeko, manifestazioa antolatu dute biharko Larresoron.