Oihane Perea eta Josu Ormaetxea bertsolariek Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute etzi, 11:00etan, joan den urtean Santiago egunean Gasteizko Blusa eta Nesken Batzordeak presoen senideei elkartasuna adierazteko antolatutako ekitaldi batean presoen izenak esateagatik. Terrorismoa goratzea leporatzen diete bi bertsolariei.
Bertsoak kantatzeko zeuden biak deituta, baina, presoen senideak oholtzara igo zitezen, presoen izenak esan zituzten mikrofonotik. Ekitaldiak Gasteizko Udalaren eta Herrizaingo Sailaren baimena bazuen ere, Ertzaintza presente egon zen eta hiru lagun identifikatu zituen.
Perea eta Ormaetxearen aurkako «errepresioa eta erasoa» salatu dute hainbat herritarrek, agiri batean. Oinarrizko eskubideak urratu ez ezik bertsolaritzaren jardun askea ere trabatu nahi dela salatu dute. Halaber, jakinarazi dute bi bertsolariei elkartasuna adieraziko dietela etzi Auzitegi Nazionalean; hartarako, Agurainen (Araba) eta Gasteizen autobusak antolatu dituzte Madrilera joateko.
Oihane Perea eta Josu Ormaetxea bertsolariak deklaratzera deitu dituzte
Ekitaldi batean presoen izenak esateagatik Auzitegi Nazionalean deklaratu beharko dute ostiralean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu