Hilaren 30ean, Ibon Fernandez Iradi euskal presoa aske uzten duen ala ez jakinaraziko du epaileak. Duela urtebete eta erdi egin zuen eskaera, bere gaixotasuna tratatzeko —esklerosi anikoitza du—. Haren osasun egoeraren berri emateko, Oihu anizkoitza dokumentala Interneten jarri du Sare plataformak.
Aske utz dezatela eskatzeko, elkarretaratzea egin zuen larunbatean herritar talde batek Lasarte-Oriako osasun etxe parean. Datorren ostiralean, urriak 31, manifestazioa egingo dute Lasarte-Orian, Okendo plazatik abiatuta, gaixo dauden presoen askatasunaren alde, eta horretan parte hartzeko deia egin dute.
Baionan ere elkartuko dira. Ni ere Banoa-k elkarretaratzera deitu du Baionako suprefetura aitzinean, 18:30ean, Giza eskubideak, konponbidea, Bakea. Ibon Fernandez Iradi Askatu lelopean.