Abortuaren lege erreforma geldiarazteko eta 2010ean onartutako araua mantentzeko eskatu diote gaur eguerdian Mariano Rajoy Espainiako gobernuburuari idatziz. Madrilen abortatzeko eskubidearen alde izandako manifestazio jendetsuaren ostean, hamar talde feministetako ordezkariak Espainiako Kongresura abiatu dira, eskakizuna erregistratzera. Mobilizazioa arrakastatsua izan da: dozenaka mila lagunek parte hartu dute, eta bi ordu eta erdiz izan dituzte erdiguneko kaleak moztuta. Euskal Herritik ere zenbait ordezkari joan dira.
Askatasunaren Trenari harrera egin ostean abiatu dute martxa. Asturiasko emakume talde batek antolatu du bidaia, Madrilgo Decidir Nos Hace Libres plataformak babestuta, eta 300 eragile baino gehiagoren atxikimendua jaso dute. 1980ko hamarkadako borroka gogoan hartuz, trenez heldu nahi zuten hiriburura, eta lege erreforma gauza ez dadin eskatu. Ehunka emakume izan dituzte zain trenaren ibilbideko geltokietan, eta milaka batu zaizkie goizean helmugan.
Arratsaldean, berriz, asanblada jendetsua egitekoak dira, datozen asteotan zein ildo jarraitu eztabaidatzeko. Datorren astebururako manifestazioak antolatu dituzte Espainiako eta Herrialde Katalanetako hainbat hiritan, eta Euskal Herrian ere mobilizazioa prestatzen ari da Abortatzeko Eskubidearen aldeko Plataforma.
Baionako manifestazioa
Espainiatik kanpo ere bat egin dute Madrilgo deialdiarekin, eta elkarretaratzeak egin dituzte Espainiako enbaxada eta kontsuletxeen aurrean. Ipar Euskal Herrian, Baionan egin dute protesta: 300 lagun inguru batu dira gaur goizean. Azken hiru asteotan Gallardonen legearen aurka bildutako 2.500 sinadurak asteazkenean aurkeztuko dituzte kontsuletxean. Familia Plangintzak, Altxa Neskatxak eta Emazteek Diotek izan dira deitzaileak, besteak beste. Lesbianen, gayen, bisexualen eta transexualen eskubideak babesteko elkarte Les Bascosek eta Miarritzeko Alderdi Sozialistak banderolak atera dituzte. Bertan, Martine Bisauta eta Jean-Claude Hiriart Baionako Herriko Etxeko hautetsi edota hautagaiak elkarretaratzera joan dira, Sylviane Alaux diputatua bezala.