Oinarrizko errenta «mugarik gabe» babesteko eskatu du Ekain sareak

Alderdi politikoei hamabost proposamen egin dizkie, toki politika «barneratzaileak» bultzatzeko

Ekain sarearen ordezkariak beren proposamenak aurkeztu zituzten atzo, Gasteizen. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
Gasteiz
2015eko apirilaren 22a
00:00
Entzun
«Lurralde barneratzaileago eta solidarioago bat egiteko» ardatzetako bat diru sarrerak bermatzeko sistemaren defentsa da. Hala nabarmendu du Ekain Euskadiko Gizarteratzearen aldeko Sareak, maiatzaren 24ko hauteskundeetara begira egindako proposamenen artean. Are gehiago, aipatu sistemarako eta gizarte zerbitzuetarako —mendekotasunerakoak barne— sarbide unibertsala defendatzeko eskatu du, «inolako mugarik eta estigmatizaziorik gabe».

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gizarteratzearen alorrean lan egiten duten gizarte ekintzako erakundeen sei sareen topaleku da Ekain sarea; hauteskundeetara begira hamabost proposamen egin ditu. Maiatzaren 24an ordezkaritza lortu nahi duten alderdiak elkartu zituen Oihaneder Euskararen Etxean, eta «lurralde barneratzaileagoa eta solidarioagoa» eratzeko tokiko politiketarako lehentasunezko ardatzak aurkeztu zizkieten Manu Moreno Ekaineko presidenteak eta Hajar Samadi kideak.

Aberastasuna egoki banatze aldera, zerga politika «aurrerakoiagoa» aholkatu die Ekain sareak ordezkari politikoei. Aberastasunaren banaketan laguntzeko ez ezik gizarte zerbitzuei eusteko ere baliagarria izango dela gaineratu du, baita gizarte kohesioa sustatzeko ere. Hain zuzen, aipatutako kohesioa lortzeko helburu guztiak «politikoki, teknikoki eta aurrekontu aldetik» indartu behar direla oroitarazi dute: gizarte zerbitzuak, osasuna...

Emakume eta gizonen arteko berdintasuna bermatzeko planen eta jardueren «tinkotasun eta eraginkortasun» handiagoa ere galdegin du Ekain sareak. Tinkotasun hori gizartearen eremu guztietara zabaldu behar dutela gaineratu du.

Migratzaile atzerritarren herritartasun osoa eta unibertsala onartzeko proposatu die Ekain sareak alderdi politikoei, baita haien parte hartze sozial, ekonomiko eta kulturala kontuan hartzea ere. Alde horretatik, «politika publiko inklusiboak» sustatzea lagungarria izan daitekeela erantsi du, komunitate irekiak, pluralak eta kultura anitzekoak lortu ahal izateko. Horrekin batera, jarrera «arrazista eta insolidarioak» geldiarazteko, eta kolektibo jakinak kriminalizatzeari uko egiteko eskatu du Ekainek, baita nazioarteko garapenerako lankidetza programei «berriro» heltzeko ere.

Iraunkorra eta tokikoa

Eredu sozioekonomikoari ere heldu dio Ekain sareak. Ingurumen iraunkorrean oinarritutako eredu baten aldeko konpromisoa hartzeko iradoki die alderdi politikoei; hondakinak gutxitu, berrerabili eta birziklatzearen aldeko apustua egiteko, eta alor horretan lana sortzeko. Halaber, toki garapenerako planak bultzatzeko aholkatu die, elikadura subiranotasuna eta gertuko merkataritza garatuz, besteak beste.

Herritarren parte hartze politikoak ere Ekainen zenbait puntu hartu ditu. Gobernantza parte hartzailea ahalbidetzeko guneak indartzeko, eta espazio publiko eta gizarte jardueretarako lokalak erabiltzeko araudiak egokitzeko iradoki du; horren bitartez aukera berdintasuna eta mobilizazio eskubidea erraztuko dela uste du sareak, besteak beste.

Etxe kaleratzeak direla eta, finantza erakunde eta energia hornitzaileak estu hartzeko bideak indartzea galdegin du, baita etxerik ez dutenen gaiari heltzeko ere, eragile guztiekin lankidetzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.