Oinarrizko futbolean, eraso fisikoen «aurreko urratsa» dira irainak

Eskola kirolean salatutako hamar eraso fisiko edo ahozko eraso larritatik ia bederatzi futbol zelai batean gertatzen dira. Gehienak epaileen kontrako irainak eta mehatxuak izaten dira, gurasoek egindakoak.

Hainbat jokalari baloiaren inguruan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
Hainbat jokalari baloiaren inguruan. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU
14789412 kepa
2026ko ekainaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Badirudi arazoa larriagoa dela hedabideetan oihartzun handiagoa duenean. Baina, asteburu guztietan ez bada, hamabostean behin izaten dira erasoak oinarrizko futbol partidetan. Gehienak irainak eta mehatxuak izaten dira, askotan jokalariek eta gurasoek epaileei egindakoak. Horiek hala, erne egotea komeni dela uste dute kirol arduradunek eta epaileen ordezkariek, «eraso fisikoen aurreko pausoa baitira».

Aurten ere oihartzun handia izan dute hedabideetan umeen zein gazteen arteko futbol partidetan izandako liskarrek. Besteak beste, martxoan, Bizkaiko hainbat futbol zelaitan izandako gertaerek epaileen haserrea eragin zuten: Basauriko Solokoarte futbol zelaian, 16 urteko epaile bat iraindu eta jazarri zuten, eta heriotza mehatxuak egin zizkioten; Karabiganen (Berango), berriz, beste arbitro adingabe bati eraso egin zioten, benjamin mailako partida batean. Bien bitartean, Portugaleten, epaile bati eraso fisiko bat egin zioten gazteen ligako partida batean.

Gertaera horiek direla eta, zelai horietara epailerik ez bidaltzea erabaki zuen Bizkaiko Arbitroen Batzordeak, eta ez zuten zigorra kendu kirol talde horiek erasorik ez gertatzeko neurriak hartuko zituztela adierazi zuten arte.

Nafarroari dagokionez, maiatzean, 24 partidako zigorra jarri zioten Rotxa taldeko gazteen mailako jokalari bati, Mutilvera klubaren kontra Iruñean jokatutako partida batean epaileari eraso egiteagatik: gazteak burukada bat eman zion sudurrean. Nafarroako Futbol Federazioko Lehia eta Kirol Diziplina Batzordeak azken hamarkadan jarritako zigorrik handiena da hori.

Futbolean nagusiki

Indarkeriaren Aurkako Espainiako Batzordeak urtero egiten du balantze bat, eta, horren arabera, eskola kirolean salatutako hamar eraso fisiko edo ahozko eraso larritatik ia bederatzi futbol zelai batean gertatzen dira. «Ez dakit asteburuero gertatzen den, baina hamabostean behin jarrera onartezinak ikusten dira futbol zelai batzuetan», Jon Iriberri Eusko Jaurlaritzako Kirol teknikariak nabarmendu duenez. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako norgehiagoken %5-6 inguruan gertatzen dira liskarrak.

Horrek ez du esan nahi beste kiroletan edota eskola kiroletik kanpoko txapelketetan gertatzen ez direnik: besteak beste, Ermuko Udalak bertan behera utzi du egunotan egiten ari ziren Gazte Mailako Areto Futboleko II. Txapelketa, herenegungo partidetako batean izandako istiluen ondorioz. Izan ere, bi taldeetako kideek eztabaida gogorra izan zuten, eta jokalarietako bati ukabilkada eman zioten. 

Eskola kirolean gertatzen dena estatistika kontua ere bada. Izan ere, futbolak fitxen %50 baino gehiago hartzen ditu Hego Euskal Herrian, eta beste kirol batzuetan baino askoz partida gehiago jokatzen dira. Hala ere, Iriberrik ez du uste garai batean baino indarkeria gehiago dagoenik oinarrizko futbolean. Batez ere mehatxuak eta irainak izaten dira, Kirol teknikariak zehaztu duenez. «Eraso fisikoak askoz gutxiago ikusten dira. Baina biek daukate garrantzia, eta horien kontra aritu behar da. Egoera horiek ezin dira normalizatu; are gutxiago beste alde batera begiratu», azpimarratu du Iriberrik.

«Ez dakit asteburuero gertatzen den, baina hamabostean behin jarrera onartezinak ikusten dira futbol zelai batzuetan»

JON IRIBERRI Eusko Jaurlaritzako Kirol teknikaria

Iban Rezola Euskadiko Futbol Epaileen Zuzendaritza Batzordeko presidenteordeak ere «oso larriak» deritze ahozko eraso horiei: «Ez da beste erkidego batzuetan beste eraso fisiko izaten, baina irainak eta mehatxuak eraso fisikoen aurreko pausoa dira». Gainera, erasoen jopunturik ohikoena epaileak direla gogorarazi du Rezolak; ikusleek ez ezik, jokalariek ere egiten dizkiete erasoak.

Harmailetatik zelaira

Gehienetan, futbol zelaietako harmailetan dute jatorria mehatxuek eta irainek. Iriberriren ustez, jokabide hori «kulturalki onartuta» dago. «Haien bizitzen beste esparru batzuetan ez dute berdin jokatzen, baina badirudi futbolean onartuta dagoela», deitoratu du Kirol teknikariak. Are, Rezolaren arabera, «norbait protestaka edo irainka hasten denean, harmailan harekin dauden gainontzekoek ez diote ezer aurpegiratzen».

Epaile batzordeko arduradunaren hitzetan, gainera, zelaitik kanpo nabaritzen den suminak «eragin zuzena» dauka jokalariengan. «Kanpokoak berotzen du barrukoa», nabarmendu du Iriberrik. Haren ustez, jokalarien arteko liskarrak eragiten ditu horrek, baita epaileen kontrako erasoak ere zelai barruan.

Horri gehitu behar zaio, Iriberriren ustez, 18 urtez azpikoak direla asteburuero jokatzen diren ehunka partidetan aritzen diren epaileak: «Mutil eta neska horiek beren lana ahalik eta ondoen egiten ahalegintzen dira, baina %100ean asmatzea exijitzen zaie», salatu du. Iriberrik gogorarazi du epaile lanetan aritzen diren emakumeek irain matxistak jasaten dituztela askotan: «Kasu horietan, emakumeak direlako erasotzen diete», gaitzetsi du Kirol teknikariak.

Oinarrizko futbolean izaten diren ahozko erasoak geldiarazteko, epaileek nahitaezko arau protokoloak eta diziplina tresnak dituzte eskura, Iriberrik gogorarazi duenez. Epaileak partida geldiaraz dezake aldi baterako, eta bozgorailuen bitartez mezu bat igortzeko agindu, irainak edo jarrera diskriminatzaileak berehala eteteko eskatzeko.

«Norbait protestaka edo irainka hasten denean, harmailan harekin dauden gainontzekoek ez diote ezer aurpegiratzen»

IBAN REZOLA Euskadiko Futbol Epaileen Zuzendaritza Batzordeko presidenteordea

Jendeak horrelako jokabideei eusten badie, aldageletara denbora batez erretiratzeko agindu diezaieke epaileak taldeei. Orduan, bertaratutakoei ohartarazten zaie norgehiagoka behin betiko etengo dela eta inplikatuak kanporatuko direla halako jokabideak izaten jarraitzen badute.

Aldez aurreko bi ohartarazpenen ondoren ordena eta errespetua berrezartzen ez badira, epaileak partida behin betiko eteteko agindu dezake: gertatutakoa aktan zehaztu beharko du, eta jokabide zigorgarrien berri eman.

Besteak beste, Bizkaian eta Nafarroan, epaileek txartel beltza ere erabil dezakete. Ez da jokalarientzat, harmailetan eta aulkietan dauden helduentzat baizik. Jokabide desegokiak dituztela jakinarazteko ateratzen da, lehenik eta behin. Bigarren txartel beltzak, ordea, norgehiagoka automatikoki etetea dakar. Horrek ez du esan nahi, ordea, jokabide horiek ondorio penalik ezin izan ditzaketenik.

«Hala ere, batzuetan zail samarra izaten da harmailetan liskarrak dauden ala ez jakitea», Iriberrik ohartarazi duenez. Bitartean, oinarrizko futboleko indarkeriaren auziak «guztion aldetik hausnarketa sakon bat» behar duela uste du Rezolak, «baita gurasoen aldetik ere», nabarmendu du epaileen ordezkariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA