politika

Olatz Izagirre gazte independentista Espainiaratzea erabaki du Paueko Epaitegiak

Maiatzaren 6an atxilotu zuten. Ion Telleriaren aurkako euroagindua aztertzeko saioa astebete atzeratu du; hau lehengo astean atzeman zuten.

2010eko ekainaren 15a
17:29
Entzun
Paueko Epaitegiak (Okzitania, Frantzia) Olatz Izagirre gazte independentista Espainiaratzea erabaki du gaur. Honek lehengo asteartean epaiketa izan zuen bigarren aldiz, epaitegiak euroaginduari buruzko informazio gehiago eskatu ondoren, eta gaur eman du epaileak erabakiaren berri. Izagirre datozen egunetan aldatuko dute herrialdez. Espainiako Auzitegi Nazionalak egin zuen eskaera.

Ion Telleria gazte independentistari buruzko euroagindu eskaera, berriz, gaur aztertzekotan geratu ziren, baina Paueko epaileak astebete atzeratu du saioa.

Izagirreren eta Telleriaren kasuak Espainiako Poliziak iazko azaroan gazte independentisten aurka egindako operazioarekin lotuta daude. Biak atzematen saiatu ziren, baina ez zeuden etxean. Izagirre maiatzaren 6an atxilotu zuen Frantziako Poliziak Ziburun, Telleria lehengo astean Urruñan. Biek Lapurdin "bizimodu normala" egiten zutela zioen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak.

Frantziako Poliziak Carlos Renedo, Gaizka Likona eta Asier Coloma ere atzeman zituen maiatzaren 6an Lapurdin, eta Pauek maiatzaren 25ean hirurak Espainiaratzea onartu zuen.

Poliziak azaroan atxilotutako 37 gazteetatik 33 espetxera bidali zituen Fernando Grande Marlaska Auzitegi Nazionaleko epaileak, Segi legez kanpoko erakundeko kideak direlakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.