Irak

Oliobide bat lehertu, eta gutxienez 82 pertsona hil dira Diwanijan

Gutxienez 82 pertsona hil eta beste 150 zauritu dira Diwanijan, Bagdadetik 200 kilometro hegoaldera, oliobide baten leherketa bat gertatzean. Irakeko Armadako Salehm Karim koronelak jakinarazi duenez, zauritu gehienek erredura handiak dituzte, eta hidakoen gorpuen erdiak guztiz kiskalita daude. Poliziaren arabera, oliobidetik erregaia lapurtzen saiatzen direlako zegoen hainbeste jende leherketa gertatu denean.

2006ko abuztuaren 29a
16:12
Entzun 00:00:0000:00:00
Ezbeharra Al Sudeirren gertatu da bart gauerdian, Diwanijatik 25 kilometro hegoaldera. “Jendea gasolina ateratzeko hodia zulatzen ari zen”, adierazi du Salehm Karim koronelak. Raid Jabir poliziak goizean agertu duenez “pertsona batzuk oliobidetik petroleoa ateratzen hasi dira, kontrabandorako, eta bat-batean oliobidea lehertu da” . Eztandak sute handi bat piztu du. Suteak erreskate lanak oztopatu ditu, eta ondorioz Irakeko segurtasun indarrek ingurua hesitu dute.

Oliobidea Diwanija hegoaldetik 10 kilometrotara dago. Hasieran Shuaiba hobitik Musajjabeko zentral elektrikora gasa eramateko erabiltzen zen. Hala ere, 2003.urtean Saddam Hussein Irakeko presidente ohiaren aginduz Armadarako gasolina erreserbak eramateko tokia bilakatu zen.

AEBen haien indar aliatuen inbasioaren ondoren, ordea, 2003ko martxotik, herrialde honetan petroliotik eratorritako produktuak urriak dira, besteak beste, gasolina. Erregai saltokietan eguero izaten dira ibilgailuen ilara luzeak.

Azken egunotan Diwanijan erasoaldiak gehitu dira. Irakeko soldaduen eta miliziano xiiten artean liskarrak dira nagusi. Atzo, gutxienez 70 pertsonak bizia galdu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.