Izurria zabaltzen hasi zenetik bolo-bolo ibili da eztabaida: frogatuta dago koronabirusa kutsatzen dela listuz edo mukiz zikinduriko gainazalak ukituta; baina kutsa al daiteke airearen bidez?
Eztabaida askoren ondoren, Osasunaren Mundu Erakundeak azkenean onartu egin du balitekeela. «Leku itxi, jendetsu eta gaizki egurastuetan», birusa airearen bidez kutsatzea «ezin da baztertu», adierazi du Benedetta Allegranzi, OMEko infekzioak eragozteko eta kontrolatzeko taldeko arduradun teknikoak.
Izan ere, aireak mugituriko listu tantatxo arinetan bidaia dezake birusak. Orain arte, OMEk onartu du birusa tanten bidez transmiti zitekeela norbaitek eztula edo doministiku egiten duenean, baina ez du esan tanta txikiak airean gera daitezkeela denbora luzez, eta jendea kutsatu iturritik urrun.
Zientzialariek ohartarazi izan diote OMEri gutxiesten ari zela aukera horren arriskua. Horietako batzuek nabarmendu dutenez, izurriaren hasieran maskarekin bezala gertatzen ari da gai horrekin. Salatu dutenez, OMEk ez du aireko transmisioaren inguruan askorik hitz egin nahi izan, osasun langileek oraindik ez dutelako horri aurre egiteko behar adina jantzi eta tresnarik, munduko leku askotan.
Airearen bidezko kutsatzea baieztatzen bada, aldatu beharko dira protokoloak eta neurriak leku itxiei dagokienez: jende multzo handiak biltzea galarazi beharko litzateke, egurastea areagotu, eta maskarak eramatea derrigortu.