Lurrikara Japonian. Energia nuklearrari buruzko eztabaida

OMEk istripu nuklearrei aurre egiteko protokoloak berrikusiko ditu

Japoniatik datozen jakien kontrola egitera aholkatu du Europako Batzordeak, kutsatuta ote dauden argitzeko

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
Istripu nuklearrak daudenean jarraitu beharreko irizpideak zehazten dituzten protokoloak berrikusiko ditu OME Osasunerako Mundu Erakundeak. Horretaz arduratuko den lan talde bat sortu dela aurreratu du Paulo Marchiori OMEko presidenteordeak. Zentral nuklearrak «seguruak» direla gogorarazi du, «baina ez horrenbeste», eta istripuen aurrean hobetu beharra dagoela gaineratu du. «Ez gaude behar bezain prestatuta».

Protokoloak datozen zortzi hilabeteetan berraztertuko ditu OMEk. Hori egingo duen lan taldearen barruan giza laguntzako, osasun arloko eta energia atomikoko adituak elkartuko dira. Istripu nuklearra izan eta gutxira gertatutako irradiazio kasuetarako irizpideak zehazteaz gain, erradiazioak luzera begira eragin ditzakeen ondorioetarako ere neurriak zehaztuko dira. Azken kasu horietan erradiazioa janarietara igaro daitekeela ohartarazi du Marchiorik. «Tamalez, okerrena gertatzen denean ikasten da gehien, krisi egoerak ematen direnean».

Jakien kontrola indartu

Bestalde, Japoniatik heldutako jakiak aztertzera aholkatu du Europako Batzordeak, erradioaktibitatea ez dutela egiaztatzeko. Martxoaren 15etik aurrera heldutako jakiak dira aztertu beharrekoak, Frederic Vincent Osasun arloko bozeramaileak jakinarazi duenez. Oharra Europako Batasuneko 27 herrialdeei igorri die, erradiazioak gizakien edota animalien osasunean izan dezakeen kalteak saihestu ahal izateko. Japoniatik Europara heltzen diren jakiak oso gutxi direla nabarmendu du Vincentek. Japoniatik Europako Batasuneko herrialdeetara 9.000 tona barazki heltzen dira urtero.

Australiak, Hego Koreak eta Filipinek ere hartu dituzte halako neurriak, adibidez. Herrialde horiek jaki gehiago jasotzen dituzte Japoniatik, eta, ezbeharrak saihesteko, neurriak gogortzea erabaki dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.