Ondarroako udaletxean (Bizkaia) zegoen ikurrina lapurtu zuten bart zenbait lagunek. Ondarroako Udalak azaldu duenez, mastaren sokak moztu zituzten, eta ikurrina ostu.
Bestalde, Udaltzaingoaren bulegoan egindako pintaketak ere arbuiatu ditu Udalak. «1312» eta «ACAB» idatzi dute. «Bitxia da pintaketak udaltzain eredu propioa lantzen ari diren herrietan agertzea», azaldu du Urtza Alkorta Ondarroako alkateak.
Alkortaren ustez, «agerikoa» da ikurrina lapurtu dutenak eta pintaketak egin dituztenak «estrategia jakin bati» jarraitzen ari direla. Horregatik, jakinarazi du Ondarroako Udalak «udaltzaingo eredu propioa» lantzen jarraituko duela.