Josu Santiago. Atunen ikerketan aditua

«Oneratzen ari da hegalaburra Atlantiko eta Mediterraneo itsasoetan »

arantxa iraola
2014ko azaroaren 12a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Itsasoko arrain erretserbei buruzko ikertzaileen artean, nabarmendu egin behar da Josu Santiago (1959, Bilbo). Aztiko zentro teknologikoko Atunen Ikerketa Saileko arduraduna da, eta ICCAT Atlantiko atunaren kontserbazioaren nazioarteko batzordeko batzorde zientifikoko lehendakaria. Egunotan, hain zuzen ere, Genevan (Suitza) da, nazioarteko erakunde horren bileran, atunen eta kideko espezieen gaineko kudaketarako erabakiak hartzeko irizpide zientifikoak ematen.

Atlantikoan eta Meditarrenoan atunak eta kideko espezieak arrantzatzeko erari buruzko erabaki garrantzitsuak hartuko dira asteon Genevan. Zuek, zientzialariek, zein ekarpen egin duzue?

Batzorde zientifikoak urte osoan zehar lan handia egiten du, eta horren berri ematen dugu urtean behin egiten den bilera honetan; gure esanak aintzat hartuta, ICCATek kudeaketarako irizpideak ezarriko ditu. Aste osoko eztabaidak izango dira, eta datorren astelehenean esango du ICCATek zer-nolako erabakiak hartu dituen.

Hegalaburraren gaineko erabakiek oihartzun handia izan dute urteetan; urritzen ari zela eta, 2007an murriztu egin ziren harrapaketak. Ugaritzeko eskatzen ari dira hainbat herrialde, egoerak hobera egin duela eta. Zuek, zientzialariek, berretsi duzue bileran hobekuntza hori?

Hegalaburraren kasuan, igaro urteotan, harrapaketak murrizteaz gain, ahalegin handia egin da plan hori betetzeko ere; lehen usu gertatzen zen helburu zehatzak jartzen baziren ere, horiek ez zituztela betetzen herrialdeek. Baina 2008tik aurrera serioago hartu dute hegalaburra berreskuratzeko plana, eta eraginkorragoa izan da. Mugarri bat egon da hor, eta batzorde zientifikoan ikusi dugu bat datozela hainbat aldagai: nabarmenki oneratzen ari da hegalaburraren egoera Atlantiko eta Mediterraneo itsasoetan. 2012an ja ikusi zen bilakaera on bat, eta aurten baieztatu egin dugu. Emaitza eman du planak.

Harrapaketak ugaritzeko eskeen eta zuhur izateko aholkuen arteko tentsiorik bada bileran?

Ezin dut ezertxo ere esan horri buruz. Astelehenean esango du ICCATek zer neurri ebatzi dituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA