‘On.eus’, «euskara eskura» emateko webgune erreferentea

Baionan aurkeztu dute proiektua, eta asmoa da «euskararen mundura sartzeko ate bat» izan dadin publiko zabalarentzat. Erakunde publikoetako ordezkariek erran dute sentsibilizazio lanerako «funtsezkoa» izanen dela.

On!Piztu proiektuaren ataria, irudi batean. BERRIA
'On!Piztu' proiektuaren ataria, irudi batean. BERRIA
Ekhi Erremundegi Beloki.
2025eko irailaren 16a
17:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Webgune bat aurkezteko prentsaurreko bat antolatzea ez dakit ideiarik onena den». Adrienne Bergson Johnson pertsonaia gorpuztu du Maryse Urruti antzerkilariak, eta hark egin du txistea, irri algarak eraginez. Alta, hautu hori egin dute On!Piztu proiektuaren bultzatzaileek asteazken goiz honetan Baionan, euskalgintzako eta erakunde publikoetako ordezkariak bilduta. Izan ere, www.on.eus aurkeztu dute, «euskara, eskura» emateko asmoa duen erreferentziazko webgunea. 

«Sentsibilizazio dispositibo orokorra» izateko borondatea du Interneteko atariak. Bi helburu nagusi eman dituzte: euskararekin harremana dutenei «informazio fidagarria eta eskuragarria» ematea, eta euskaratik urrun direnengana «iristea». Adierazi dutenez, Ipar Euskal Herriari begira sortu badute ere, nazio mailako proiektua da.

Horretarako, lau hartzaile mota identifikatu dituzte: haur euskaldunen gurasoak —15.000 pertsona inguru—, ikasten ari direnak —1.500—, euskaraz bizi nahi dutenak —75.000— eta euskarara hurbildu nahi dutenak. Publiko bakoitzak haren arabera moldatutako edukia aurkituko du. Euskara ikasten ari denak diru laguntzei buruzko informazioa jasoko du adibidez, edo aholkuak ikasketa prozesuan ez aitzinatzearen sentsazioari buru egiteko; gurasoek ipuin proposamenak eta etxeko lanak egiteko laguntza. 

Gaur-gaurkoz, zazpi atal dituzte webgunean eta 35 artikulu argitaratuak, euskaraz eta frantsesez. Azken urteetan hizkuntzaren inguruko eragileek landutako 57 dokumentu daude deskargatzeko, eta ehun kanpoko esteka «euskaraz hobeto bizitzeko». 

Lan kolektiboa

Azken bi urteetan proiektua prestatzeko egin duten lana azaldu du Maitena Arraiet On!Piztu proiektuaren sustatzaileak. Bi urtez hamabost lan saio egin dituzte, aldi bakoitzean hogei pertsona inguru batuta. Batzorde editorial bat osatu dute webgunearen edukiei buruz gogoeta egiteko, eta aditu andanaren ekarpenak ere jaso dituzte. «Desmartxa kolektiboa izan da».

«'Coaching' linguistikoa eginen duen plataforma da. Batzuetan, doinu serioa izanen du, eta, beste batzuetan, ironia puntu bat ere izanen du»

ORIANE AIESTARAN 'On!Piztu' elkarteko kidea

«'On!Piztu' proiektuak euskararen herria ehuntzen lagunduko du»

LEIANE MADARIAGA 'On!Piztu' elkarteko kidea

Hemendik eta abendura, atal berriak sortzeko borondatea dute, eta artikulu berriak ere sortuko dituzte. Kronikari talde bat ere hasiko da edukiak argitaratzen, hala nola Kike Amonarriz soziolinguista, Celine Mounole hizkuntzalaria, Pontx pailazoa, Michel Feltin-Palas kazetaria eta beste andana bat. «Ez da iritzi blog bat, edo aktualitate webgune bat», zehaztu du Oriane Aiestaran batzorde editorialeko kideak. «'Coaching' linguistikoa eginen duen plataforma da. Batzuetan, doinu serioa izanen du, eta, beste batzuetan, ironia puntu bat ere izanen du». Leiane Madariaga batzorde editorialeko kidearen iritziz, «On!Piztu proiektuak euskararen herria ehuntzen lagunduko du».

Erakundeen babesa

Erakunde publikoen babesa jaso du On!Piztu proiektuak. Akitania Berriaren eta EEP Euskararen Erakunde Publikoaren laguntzez gain, Europako funtsak ere eskuratu ditu beste proiektu bat garatzeko, eta Europako Eskualde Garapenerako Funtsaren laguntza baten beha dira; urte bukaerarako baieztatu behar liekete jasoko duten, baina egintzat eman dute Akitaniako eta Euskal Hirigune Elkargoko hautetsiek. Espero dute 100.000 euro inguru eskuratzea. 

Sentsibilizazioaren erronka azpimarratu du Maider Behotegi EEPko lehendakariak, «nahia eta atxikimendua» sustatzea. «On!Piztu xede hori indartzeko tresna da», haren hitzetan. «Euskaraz bizi eta biziarazteko, euskararen erabilpena beti eta leku denetan sustatzeko». EEPk engaiamendua hartu duela baieztatu du, eta «iraunkortzea» espero du. Emilie Dutoya Akitania Berriko hautetsiak «proiektu berritzailea, inklusiboa eta kolektiboa» goraipatu du. «Galduak izan gaitezke diren baliabide guziekin; hor dena bateratua da». 

«Badakigu zenbat urrats egin beharko ditugun hiztun kopurua %30era heltzeko helburua lortzeko; hau pauso bat da horretarako»

ANTTON KURUTXARRI Euskal Elkargoko lehendakariordea

Euskarari buruzko baliabideak eskaintzen dituzten webgune gehiago baldin badago ere, www.on.eus atariarekin «beste maila batera» pasatuko direla erran du Antton Kurutxarri Euskal Elkargoko hizkuntza politikarako lehendakariordeak. «Badakigu zenbat urrats egin beharko ditugun hiztun kopurua %30era heltzeko helburua lortzeko; hau pauso bat da horretarako». Adrienne Bergson Johnsonek eman dio amaiera ekitaldiari, erakundeetako ordezkariengana itzulita: «Euskarak bizirik iraunen du hemendik ehun urtera, hemen diren politikariek finantzaketa planak segitzen badituzte».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.