Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak kalitatezko gizarte zerbitzuak exijitu ditu

Elkarretaratzea egin dute Bilbon, eta gogoratu guztira 1.500 lagun baino gehiago daudela etxerik gabe Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, gehienak atzerritarrak.

Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren elkarretaratzea Bilbon, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformaren elkarretaratzea Bilbon, atzo. ARITZ LOIOLA / FOKU
Isabel Jaurena.
2026ko urtarrilaren 1a
17:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Eskubideak, pertsona guztientzat ez diren bitartean, pribilegioak dira». 2025. urtearen balantzea egin zuen atzo Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak, eta, horren harira, kalitatezko gizarte zerbitzuak exijitu zituen. 

Bilbon elkartu ziren plataformako kideak, eta erran migrazio bideetan jende gutxiago hil dela, baina hori ez dela legeria egokia delako froga, baizik eta mugen gogortzearen ondorio. Are, gogoratu zuten aurten Europako Migrazio eta Asilo Ituna erabat aktibo egonen dela, eta testu horren ardatz nagusia ez direla pertsonak izango.   

Ikuspegiren 2025eko barometroa ere hizpide izan zuten, eta, adierazi zutenez, pozik daude hartan argitaratutakoekin: euskal gizarteak immigrazioa arazo gisa ez hautematea, herritarrek jarrera inklusiboa izatea eta immigrazioak gizartean eragin positiboa duelako ustea aipatu zituzten.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzari, hiru aldundiei eta gainerako instituzioei eskatu zieten herritar guztien premiak asetzeko. Horretarako, besteak beste, beharrezkotzat jo zuten «kalitatezko» gizarte zerbitzuak bermatzea, «egoera ahulenetan» daudenen askotariko errealitateetara egokitutakoak».

Etxerik gabeak

Gogoratu zuten Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa oro har hartuta 1.500 pertsona baino gehiago daudela etxerik gabe, eta bertze 2.700 gaueko aterpetxeetan; hamarretik zortzi atzerritarrak dira. Hala, Bilboko SMUS zerbitzuak egoera hori jada larrialditzat ez hartzea kritikatu zuen plataformak. Izan ere, aldaketa horren ondorioz, herritarrek gutxienez hiru hilabete itxaron behar izaten dute jantoki txartel bat lortzeko, eta urtebete inguru aterpetxe batean lekua izateko. «Premia pertsonalei emandako arreta ez da batere hobetu, baina etxerik gabekoen kopurua lehen halako bi da», erran zuten. 

Erakundeei eskatu zieten politika publikoak doitu eta onartutako legeak martxan jar ditzatela. «Joan den udaberrian, pertsona guztientzako erroldatzea arautzeko eta errazteko politikak onartu ziren Eudelen. 2026rako goaz eta hori ez da errealitate bat. Eta erroldarik gabe ez gara existitzen», gehitu zuten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.