Martin Ugaldeko Kultur Parkeko areto nagusian batutako ehunka lagunek txalo zaparrada beroarekin agurtu dituzte bederatzi atxilotuak tranpaldora igo direnean. Amaitu ezinezko txalo zaparradak. Jose Mari Sors, Xabier Legarra, Juan Mari Larrarte, Mikel Azkune, Mikel Sorozabal, Amando Hernandez, Mikel Arrizabalaga,Angel Ramon Diez eta Enekoitz Etxeberriak Donostiako manifestazioaren argazkia jaso dute opari gisa. Aurretik, gainera, tranpaldo gainean ziren 'Egunkaria'-ren aurkako otsaileko operazioan atxilotu eta egun aske diren zazpi lagunak, eta oraindik espetxean diren Iñaki Uria, Xabier Alegria eta Xabier Oleagaren senideak haien argazkiekin. Otsailean atxilotutako horiek guztiak ere txalo zaparrada beroa jaso dute, eta, halaber, manifestazioko irudia.
JosAnton Artze poetaren ekitaldia izan da horren ostean, eta Joseba Tapia musikariarena ondoren. Oreka TX txalaparta taldeak ere jardun du. Maddalen Lujanbio bertsolariak ere bertso pare bat bota ditu, eta horien ondoren idazleen txanda etorri da. Andu Lertxundi, Juan Mari Irigoien eta Harkaitz Canok egokiera honetarako prestaturiko idatzi bana irakurri dituzte gainezka zegoen Martin Ugalde Kultur Parkeko areto nagusian. Oreka TX bikotearen txalaparta doinuek musikari tartea egin diote, eta Anarik 'Denborak' kantua abestu du. Ondoren Oskorri talde bizkaitarrak orain arte abestu gabeko kantu bat eskaini diote euskarari.
Operazio hartan atxilotu zituzten Joan Mari Torrealdaik eta Martxelo Otamendik, zein oraingoan atxilotutako Joanmari Larrartek egin dituzte hitzaldiak. Aurkezle lanetan, berriz, Maddalen Iriarte kazetaria aritu da.
Martin Ugalde Kultur Parkearen aurkako operazioa