'Ongizate krisia: salbuespen egoeran, erantzun berrien bila' solasaldia zuzenean emititu du BERRIAk

Koronabirusak ongizate estatuan izan duen eraginaz aritu dira hizlariak, bakoitzak bere arlotik ekarpenak eginez.

Ion Orzaiz - Jone Arruabarrena
2021eko maiatzaren 26a
16:27
Entzun

Krisialdia ez zen hasi COVID-19arekin. Aitzitik, izurriak azalera atera ditu lehendik ere antzeman zitezkeen arrakalak eta desorekak. Horri buruz solastatu dira Gotzone Sestorain baserritarra eta Etxalde egitasmoko kidea, Angel Elias EHUko Enpresen Zuzenbideko irakaslea eta Gaizka Suarez Eragin Bilboko kidea, Ongizate krisia: salbuespen egoeraren aurrean, erantzun berri bila izeneko mahai inguruan. Hamaika Gara ekinbideak antolatutako solasaldi zikloan bosgarrena izan da gaurkoa.

Eliasen ustez, pandemiak bi faktore utzi ditu agerian: batetik, «gizartean lehendik ziren gabeziak eta desorekak»; eta, bestetik, erakundeen erreakzio gaitasuna. Ideia horrekin bat egin du Suarezek, COVID-19aren izurriak gizarte arrakalak «areagotu» dituela sinetsita: «Koronabirusaren aurretik ere argi ikusten zen egoera gero eta okerragoa zela hainbat sektoretan, eta horren adibide izan ziren mugimendu feministaren protestak, pentsiodunen mobilizazioak, metalaren sektoreko eta irakaskuntzako grebak... Ezinegon eta gabezia horiek areagotu egin ditu koronabirusaren izurriak».

Sestorainek beste erpin batetik heldu dio gaiari: elikadura burujabetzaren ikuspuntutik. Haren esanetan, pandemia eta gaixotasun berriek lotura dute egungo elikadura industriarekin: «Sistema globalizatu eta inperialista ari da tokian tokiko elikadura ereduak suntsitzen. Horrek eragina du ekoizpenean, ekonomian, kulturan, baliabideetan... eta baita osasunean ere». Zehazki, abeltzaintza industriala «osasun publikorako arriskutsua» dela esan du baserritarrak, «izurriak zabaltzen lagun dezakeelako».

Atzemandako arazo horien aurrean, «eredu osoa» auzitan jarri beharra dagoela gaineratu du Eliasek: «Kapitalismo, neoliberalismo... edozein izenekin ere, argi dago eredu ekonomiko honen erdigunean ez daudela pertsonak, interesak baizik». Horren adibidetzat jo du maskaren arazoa: «Esportazio eta inportazioen menpe gaude. Maskarak Txinatik ekarri zituzten arte, ez genuen izan baliabide hori eskuratzerik». Sistema publikoa indartzeko beharra ere azpimarratu du EHUko irakasleak. Hain zuzen, enpresa handien interesen aurrean «beste politika batzuk» aldarrikatu ditu Suarezek, «langile klasearen aldekoak, enpresei legea betearaziko dietenak eta zerbitzuak bermatuko dituztenak».

Burujabetza erdigunean
Osasun krisi bat kudeatzeko tenorean baliabide, mekanismo eta egitura propioak izatea garrantzitsua dela esan dute hiru solaskideek. Hala ere, ñabardura batzuk azaleratu dira. Hala, Sestorainen aburuz, beharrezkoa da «estatu mentalitatea, estatu egiturak bainoago». «Independentzia lortuta ere, egungo mentalitate eta politikekin ez genuke arazoa konponduko. Egungo baliabideak erabil daitezke multinazionalen menpe ez dauden politikak bultzatzeko».

Eliasek azpimarratu du erakundeak herritarrengandik zenbat eta hurbilago izan orduan eta «hobeto» kudeatzen direla krisiak, baina aintzat hartu behar dela «izurriak mundu osoari eragin diola, eta interes ekonomikoak ere globalak direla».

Solasaldi zikloa

Hamaika Gara egitasmoaren sustatzaileek antolatu duten zikloaren barruan dago azken solasaldi hau. Burujabetzak eta erabakitzeko eskubideak «arduratzen» dituzten eta «aktualitateari lotuta dauden beste gai batzuekin duten intersekzionalitatea aztertu eta herri eztabaida bat elikatzeko» helburuarekin antolatu dituzte hizketaldiak. BERRIAk zuzenean eman ditu orain arteko solasaldi guztiak, baina oraindik ere ikusteko aukera dago, hemen klik eginez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.