«Onkologikoa hiltzen uzten ari dira»

Etxe kaleratzeen aurkako plataformek, Onkologikoko langileek eta Adi Vitalquiler plataformako kideek protestak egin zituzten, atzo, hiru kutxen batzarren atarietan. Txistu artean hartu zituzten kontseilariak.

Ainara Arratibel Gascon - M. A. L. - Jon Rejado
2013ko apirilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Sekulako inbertsioa egin zuten Onkologiko berria egiteko, eta orain hiltzen uzten ari dira». Agurtzane Iriarteren hitzak dira, Donostiako Onkologikoko langile batzordeko kidearenak. Harekin, minbizia duten gaixoak tratatzeko zentroko beste hainbat langileKutxaren egoitza nagusiaren aurrean bildu ziren atzo, protesta egitera. «Irtenbide bat» eskatu zuten; garbi dute zein izan daitekeen aproposena: «Osakidetzarensarean integratzea nahiko genuke,azken batean kudeaketa haren esku geratzea».

Gainontzean, «ilun» ikusten dute zentroaren etorkizuna. «Gero eta gaixo gutxiago ditugu. Lehen ez bezala, apenas bidaltzen dizkigute gaixoak beste herrialdeetatik. Makina batzuk oso gutxi erabiltzen dira». Osakidetzaren sarean sartzea «borondate politiko kontua» dela nabarmendu zuen Iriartek. «Kutxaren eta Osasun Sailaren esku dago erabakia. Egiten ez badute, ez dugu etorkizuna garbi ikusten. Murrizketa hauekin ezinezkoa da aurrera jarraitzea».Eusko Legebiltzarrak Onkologikoa sare publikoan sartzearen alde onartutako ebazpena betetzeko eskatu zuten.

Oihu eta txistu artean hartu zituzten kontseilariak. «Kutxabank, lapurrak!», «etxe kaleratzeak geratzea posible da, lortuko dugu!», «Kutxa ere Onkologikoa etxegabetzen ari da!», izan ziren entzun ziren oihuetako batzuk. Hain zuzen ere, Onkologikoko langileekin izan ziren Stop Kaleratzeak elkarteko kideak ere. Martxoaren 14an Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako epaia ekarri zuten gogora. Epai horren arabera, Espainiako legediak«babesik gabe» uzten ditu kontsumitzaileak «gehiegizko klausulen» aurrean. Era berean, klausulen egokitasunari buruz ebatzi bitartean, epaileek etxe kaleratzeak gelditzeko ahalmenik ez izatea kritikatu zuen. «Zeren zain dago Kutxa etxe kaleratzeak gelditu, eta etxea zorraren truke onartzeko? Hori eta alokairu soziala dira konponbidea. Baina, gizakien duintasunaren eta oinarrizko eskubide baten kaltetan, Kutxak dirua irabazten jarraitzen du».

Beste eskari bat ere egin zuten:hipotekei ezartzen zaien erreferentzia indizea berehala kentzeko. «Horrekin, hipoteka dutenek 300 euro aurreztuko lituzkete hilabetean, eta hainbat eta hainbat etxe kaleratze ez lirateke egin beharko». Espainiako Gobernuak onartutako agindu baten arabera, apirilaren 28tik aurrera banku eta aurrezki kutxek kendu egin behar dute indize hori.

Adi Vitalquilerreko kideek egin zuten protesta Gasteizen. 35 urtetik beherako pertsonak etxetik joan ahal izateko ematen duten alokairurako laguntzari eusteko eskatu zuten. «Vitalquiler iruzur soziala!», «non dago dirua, diruzaina atera dadila!», oihukatu zuten hara bildutako 40 herritar inguruk. Une batean batzarreko zenbait kide eraikinetik atera, eta haien elkartasuna adierazi zieten han bildutakoei.

Bilbon, istiluak

Bilbon ere gizarte eragile ugari bildu zen BBKren batzarraren harira: hipotekek eta etxe kaleratzeek kaltetutako kolektiboez gain, pobreziaren aurkakoak ere izan ziren, baita BBKren gizarte ekintzako langileak ere. Kutxabank «publikoa» eskatu zuten ozen, eta tentsio uneak ere izan ziren, Ertzaintza oldartu egin baitzitzaien: bultzadak eta kolpeak izan ziren elkarretaratzearen hasieran, eta polizien begiradapean egin zuten protesta ordubetez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.