Onkologikoan ospitaleratuko dituzte Gipuzkoako minbizidunak

Jaurlaritzak eta Donostiako zentro horrek 2018an sinatutako hitzarmena betetzeko prozesua amaituko dute lekualdatzearekin

Donostiako Onkologikoaren eraikina. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Nerea Intxausti Castiñeira
2023ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Onkologikoa izango da ospitaleratzea behar duten Gipuzkoako paziente minbizidun guztien erreferentzia zentroa azaroaren 27tik aurrera: bertan ospitaleratuko dituzte. Donostia ospitaleak ematen die zerbitzua minbizia duten pazienteei, eta ospitaleratu ere egiten ditu, baina, aurrerantzean, Donostia ospitaletik Onkologikoaren eraikinera lekualdatuko dituzte onkologiako ospitaleratze solairuetako zerbitzuak eta langileak. Elkarrengandik gertu daude bien eraikinak.

Ospitaleratze jarduera hauek mugituko dituzte Donostia ospitaletik Onkologikora: Onkologia Medikoa, Onkologia Erradioterapikoa eta Zainketa Aringarri Onkologikoa. Lekualdaketaren ondoren, «arian-arian» berrantolatuko dute Onkologikoko ospitaleratze solairuen eskaintza.

Gipuzkoako Onkologiako Kudeaketa Klinikoko Unitatea izango da arduraduna, eta «zerbitzu homogeneoa» ematea du helburu. Zerbitzu garrantzitsua da onkologiakoa: aurten guztira 2.000 paziente baino gehiago artatu dituzte Donostia ospitalean eta Onkologikoan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta Onkologikoak 2018ko abenduan sinatu zuten zerbitzuak lekualdatzeko hitzarmena, eta neurri honekin emango diote amaiera prozesuari. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak ziurtatu du aldaketak hobetu egingo duela pazienteei ematen zaien laguntza: «Onura erantsia ekarriko die instalazioekin, pazienteentzat eta haien lagunentzat erosoak baitira».

Onkologikoaren ibilia gatazkatsua izan da azken urteetan. Langileek, pazienteek eta erabiltzaileek mobilizazioak ere egin zituzten iazko urtearen amaieran. Salatu zutenez, Osakidetzako arduradunak husten ari ziren duela urte batzuk erreferentziazko zentroa izan zena. Donostialdeko ESIko langileek protesta abiatu zuten iazko urtearen bukaeran, Osakidetzako zuzendaritzak hartutako zenbait erabakiren kontra. Onkologikoari buruzkoa zen langileen eskaeretako bat, zalantzak baitzituzten zentroaren etorkizunari buruz.

Aurtengo abuztuan, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan zuen azpiegitura berri bat egingo dutela Onkologikoaren ondoan,protoi bidezko terapia edo teknika erradioterapiaren antzekoa garatzeko. Lau solairuko eraikina izango da, horietako bi lurpean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.