G7koen goi bilera Miarritzen

Oporretatik itzuli den frantziar bati Hendaian sartzea galarazi dio Poliziak

Irungo Harrera Sarera jo du laguntza eske. Entzun testigantza albistearen amaieran.

Irun eta Hendaia arteko muga, Santiago zubian. JAGOBA MANTEROLA, FOKU
Nagore Arin.
2019ko abuztuaren 21a
17:42
Entzun

Espainiara oporretara joan, eta Gipuzkoa eta Lapurdi arteko muga igaro ezinik gelditu da senegaldar jatorriko frantziarra. Frantzian bizi da, eta muga igarotzeko paper guztiak ditu. Haatik, Frantziako Poliziak galarazi egin dio bere herrialdera itzultzea, Santiago zubian, Hendaian. Euskal Irratiak komunikabideak jaso du gizonezkoaren testigantza.

G7koen goi bileraren harira ezarritako segurtasun neurriak direla-eta galarazi diote muga igarotzea. Komunikabideak jakinarazi duenez, Hendaian sartu ezinik dabil gizonezkoa, nahiz eta frantses nazionalitatea izan. Gizonezkoaren adierazpenak jaso ditu: “Espainian oporretan izan naiz. Beharrezkoa ez bada ere, pasaportea berritzen ari naiz, baina osasun txartela eta hauteskunde txartela ditut”. Halaber, mugikorrean zuen prefetaren ziurtagiri bat ere erakutsi diela salatu du, baina hala eta guztiz ere ez diotela muga igarotzen utzi.

“Frantzian bizi naiz, han dut familia, etxea, zergak ordaintzen ditut, jatetxe bateko sukaldaria naiz; baina ez dakit nola egingo dudan nire herrialdera sartzeko" jarraitu du kontakizuna etxera itzuli ezinik dagoen gizonezkoak. Bizitzen ari den egoera ez dela normala esan du, eta salaketa jarriko duela, "beharbada, Espainiako Polizian", adierazi du: "Baina Frantziako Polizia da, hain justu, nire herrialdean sartzen utzi ez didana".

Testigantza horren antzera, zenbait migratzaile antzeko egoerak bizitzen ari direla salatu du Irungo Harrera Sareak; izan ere, G7koen goi bileraren atarian eta kontragailurraren hastapenetan, mugako zaintza kontrolak zorroztu dituzte segurtasun indarrek. Hori salatu dute kideek: “Mugaz gaindiko garraio publikoa ezabatuta, lurretik, airetik, ibai eta itsasoz Miarritzeko goi bileraren ondorioz dauden kontrol hertsiak erabatekoak dira migratzaileentzat. Baina ez haientzat soilik”. Adierazi dute, hain zuzen ere, sorterrira itzuli ezinik dabilen frantziar gazte bat laguntza eske joan zaiela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.