Oposizioak uste du Urkulluren mezua ziklo aldaketaren erakusle dela

EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta PPk zerbitzu publikoen egoera kritikatu dute. EAJk uste du etorkizunerako «oinarri sendoak» ezarri dituela Urkulluk.

(ID_13459255) ESPAÑA LEHENDAKARI MENSAJE
Urkullu, urte amaierako hitzaldia ematen. ADRIAN RUIZ HIERRO / EFE
Iosu Alberdi.
2024ko urtarrilaren 1a
18:00
Entzun

Urte amaierako bere azken mezua eman zuen Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk abenduaren 31n. Hari dagokio Eusko Legebiltzarrerako bozetarako deia egitea, baina jakina da ez dela EAJren lehendakarigaia izango horietan. Hala, oposizioko alderdien esanetan, Urkulluren Gabonetako azken hitzaldia ziklo aldaketa baten seinale izan da. Azken urteetako lanaz egindako balorazioa ere kritikatu diote EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta PPk, begirada zerbitzu publikoen egoeran jarrita; nagusiki, Osasungintzan eta Hezkuntzan.

Urkulluk kohesioa, bizikidetza, autogobernua eta enplegua izan zituen bere mintzaldiaren ardatz: «Gure gizarteak aurrera egin du, eta pausoak eman ditugu etorkizunerantz». Haren esanetan, «gauza asko» egin dituzte ondo, nahiz eta ez duten «beti asmatu». Ez dira iritzi berekoak, baina, azken urteetan oposizioan izan dituen talde politikoak.

EH Bilduren kasuan, Nerea Kortajarena Eusko Legebiltzarreko eleduna izan zen Urkulluren mezuari erantzun ziona. Ziklo politiko baten itxiera izan zuen hark hizpide, eta lehendakariari kritikatu zion «argi-ilunez beteriko» agintaldien «balantze zintzo bat» ez egitea, eginiko lanaren «irakurketa autokonplaziente» bat baizik. Besteak beste, salatu zuen mintzaldian ez zirela aipatu bizitzaren garestitzea, Osakidetzaren egoera, etxebizitzaren auzia eta «burujabetasun falta». Horiek hala, salatu zuen Eusko Jaurlaritzak ez duela jakin etorkizunerako prestatzen: «Agerian geratu dira hamar urte hauetan egoerei aurre egiteko izan dituen ezintasunak eta lidergo falta».

Ahal Dugu-ko idazkari nagusi Pilar Garridok, berriz, salatu zuen berdintasunaren, kohesioaren eta ongizatearen inguruko kezka adierazi zuela Urkulluk, baina ez haien «ardura» bere gain hartzeko asmorik. Hala, Ahal Dugu-ko buruak uste du «Euskadi eraldatzeko» garaia dela, Eusko Legebiltzarrerako bozetatik hasita: «Euskadiren etorkizunak beste modu batean pentsatzea eskatzen digu». Xedea, haren hitzetan, Osakidetza, eskola publikoa, etxebizitza eta «aurrerapen feministak» erdigunean kokatzea da.

Oraindik ez da argitu hauteskunde horietara zein izenekin eta norekin aurkeztuko den Ahal Dugu, baina aukera posibleetako bat da Sumar Mugimenduarekin bat egitea. Talde hark ere egin zuen Urkulluren hitzen balorazioa, eta «ziklo aldaketa baten aldeko apustua» egin dutenei «bizkarra ematea» leporatu zion lehendakariari: «EAJren eta PSEren gobernua bere autokonplazentzia propioaz horditzen ari da berriro».

EAEko PPko presidente Javier de Andresek alor ekonomikoan egin zuen indar, enplegu datuak hizpide hartuta. «Ahaztu egin zaio esatea langabezia gutxien zuen Espainiako erkidegoa zela lehen, eta laugarrena dela orain», kritikatu zion Urkulluri. Hari egotzi zion zerbitzu publikoen kalitateak behera egitea ere: «Aldaketa bat behar da».

«Beste maila batean»

Oso bestelakoa izan zen EAJren Eusko Legebiltzarrerako eledun Joseba Egibarren balorazioa. Hark ere «ziklo amaiera» aipatu zuen, baina Urkulluren «iraunkortasuna eta apaltasuna» eta Eusko Jaurlaritzaren lana txalotuz. «Herri honi eman dio sendotasuna norabide politikoan, sozialean eta ekonomikoan», azaldu du, eta gehitu «oinarri sendoak» ezarri dituela etorkizuneko erronkei erantzuteko ere: «Gizarte eta herri bezala, beste maila batean jarri gaitu. Ukaezina da». Horiek hala, mezu bat zuzendu zien kontrakoa adierazi zutenei ere: «Hemen populista asko dago ezkutuan. Ez daukate alternatibarik».

Urkullu babestu gabe, aurrera begirako mezu bat eman nahi izan zuen PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezak, «epe berri baten» hasiera aipatuta: «2024an ez da lana amaituko, aldaketa askoren mugan baikaude, eta positiboki erantzun behar baitugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.