Eskaintza «eraikitzailea» dela eta negoziaziorako irekia dagoela esan dute. Hala ere, ezinbestekotzat jotzen dute koaliziokide guztiek «batasunerako borondatea» agertzea. «Alderdiren batek, independente batek edo kargudun publikoren batek» Nafarroa Bai utziz gero postuaren akta koalizioaren eskuetan uzteko beharra adierazi dute. Era berean, egun ez-afiliatu direnek etorkizunean Nafarroa Baiko bazkide izateko aukera aldarrikatu dute. Beharrezkotzat jotzen dute, gainera, «nahasmenduak eragozteko», NaBairen izenean soilik hitz egingo duen eledun bat sortzea.
Hauteskundeei begira, gizartearentzat sinesgarria den gobernu programa parte-hartzaile bat aldarrikatu dute: «Porrotaren ideologiek ez dute balio». Anbizioz jokatzeko eskatu diete hiru alderdiei. «NaBairen gobernuaren lehen 100 egunak bilduko dituen» programa nahi dute.
Beste berritasunetako bat da Aralarri aitortu egiten diotela foru hauteskundeetako zerrendaburua izendatzeko ahalmena. Udal hauteskundeetako zerrendak, berriz, «behetik gora» aukeratzea proposatu dute, «udal taldeak eta batzarrak sortzea bultzatzeko asmoz».
Barne antolamenduari dagokionez ere, aldaketak proposatu dituzte. Batetik, alderdien arteko akordioarekin alderatuta, erabaki guneetan Aralarren ordezkaritza %46,2tik %44,3ra jaistea, eta EAJk %11tik %13,5era igotzea proposatzen dute, eta eurek %10 izatea. «Modu horretan ezein alderdik ez dezan independente bakar baten botoarekin gehiengo absoluturik lortu».