Zapiainek Orainen eta Hernani Inprimategiaren diru kontuen berri eman du Iñigo Iruin defentsako abokatuaren galderei erantzunez. Beste auzipetuek bezala, Zapiainek ez die fiskalari eta akusazio partikularrari erantzun.
Egin argitaratzen zuen Orain enpresako diru kontuak 1980tik bere ardurapean izan zirela onartu du Zapiainek, baina gainetik kontseilari ordezkariak soilik izan zituela: hau da, Manu Aranburu eta Ramon Uranga. Ildo horretatik, egozten zaizkion iruzur delituen inguruan ez zekiela ezer deklaratu du, horren gaineko ardurarik ez zuela-eta.
Era berean, Hernani Inprimategiaren sorreran parte hartu zuela onartu du, Manu Aranburuk eskatuta, eta ekintza hori Orain taldeko enpresen dibertsifikazio asmoan kokatzen zela azaldu du. Finean, Hernani Inprimategia argitalpenen inprimatze sektorean sartzeko sortu zutela agertu du, eta Egin ez ezik, aldizkari zenbait eta produktu komertzialak egiten zituztela.
Zapiainek ukatu egin du egozten dieten bezala Orainek bi kontu mota zituela: bat egiazkoa, eta besteairuzur egiteko asmoarekin eratutakoa. Kontuak "garbiak" zirela ziurtatu du. Hala ere, onartu du "bigarren kontabilitate" bat bazutela, baina bakar-bakarrik OJD argitalpenen zabalpen kontrolean 'Egin'-en salmenta kopuruak zertxobait "puzteko" . Zapiainek azaldu duenez, publizitate kontratazioetan eragina zuenez OJDrako salmenta kopurua "zertxobait puzten" saiatzen ziren, eta, beraz, diru sarrerak handitu behar izaten zituztenez, gastuak ere areagotu egiten zituzten. Dena den, praktika hori egunkarien artean "oso ohikoa" zela nabarmendu du.
Zapiainen aurretik Xabi Otero Orain taldeko Erigane enpresako administratzaile zenak deklaratu du. Nolanahi ere, kargu hori "formalki" baino ez zuela bete agertu du; hots, praktikan ez zuela inoiz Erigaineko administratzaile lana bete. Enpresa horren helburua Egin egoera larritik ateratzen laguntzeko dirua biltzea zela azaldu du Oterok, eta Egin -i laguntzearren onartu zuela Ramon Urangak eta Isidro Murgak proposatuta formalki administratzaile gisa agertzea. Oterok ere defentsako abokatuaren galderei baino ez die erantzun.
Oterok zein Zapiainek agertu dute poliziek zein epaileek orain arte egin dizkieten galdeketetan inoiz ez dietela KASi edo ETAri buruzko galderarik egin.
Arratsaldean amaitu da Zapiainen deklarazioa, eta Isidro Murgak astelehenean deklaratuko du.
'18/98 auzia'
Orain enpresaren kontuak garbiak zirela ziurtatu du Zapiain administrazio buruak
1980an sortu zutenetik itxi zuten arte 'Egin' egunkaria argitaratzen zuen Orain enpresako administrazio buru izan zen Iñaki Zapiainek "kontuak garbi" eramaten zituztela ziurtatu du '18/98 auziko' epaiketaren gaurko saioan. Zapiainen aurretik Xabi Oterok deklaratu du, eta Orainen taldeko Erigane enpresari buruzko azalpenak eman ditu. 'Egin'-i laguntzearren enpresa horretako administratzaile izendatzea onartu zuela azaldu du, baina praktikan ez zuela lan hori inoiz bete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu