Orain Presoak dinamika, gero eta babestuago

Iparraldeko 150 hautetsik atxikimendua azaldu diote Baionako manifestazioari. Hegoaldeko sindikatu guztiek bat egin dute Bilbokoarekin

Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako dozenaka hautetsi izan ziren Baionako agerraldian, atzo. I. MIQUELESTORENA.
jon olano
2019ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Datorren larunbatean, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioak egitekoak dira Baionan eta Bilbon, eta biak sustatzen dituen Orain Presoak dinamikari babesa adierazi diotenen zerrenda luzeagoa da egunez egun. Atzo, Bizkaiko eta Lapurdiko hiriburuetan agerraldiak egin zituzten, azken atxikimenduen berri emateko: batean, jakinarazi zuten Hegoaldeko «sindikalismo osoaren ordezkaritza» eta preso katalanen senideak izango direla Bilboko mobilizazioan; bestean, Ipar Euskal Herriko 150 bat hautetsiz osatutako zerrenda bat aurkeztu zuten, Baionako martxarekin bat egiten dutela azalduz.

Bilbon, 17:00etan irtengo da datorren larunbateko manifestazioa, baina beste ekitaldi bat antolatu dute aurretik. Arantza Aldezabal Orain Presoak dinamikako bozeramaileak adierazi zuenez, 16:00etan eragile politiko, sindikal eta sozialentzako harrera ekitaldi bat egingo dute Silken Indautxu hotelean, Donostian urriaren 20ko martxaren aurretik Miramar jauregian eginikoaren tankerakoa. «Espetxe politikaren aldaketa eskatzeko alor instituzionalean lortutako adostasunekin egin bezala, gizarte zibil osoa batu behar dugu Bilbon eta Baionan; horregatik, alderdi eta instituzioetako kidego osoari egiten diogu bertaratzeko gonbita», Aldezabalek esan zuenez. Eragile politiko, sindikal eta sozialen atxikimenduaz gain, beste batzuk ere bildu ditu Orain Presoak dinamikak. Esaterako, esparru ugaritan diharduten 200 lagunek baino gehiagok ere babesa eman diote egitasmoari. Guztiei eskerrak eman zizkien Aldezabalek.

Bestalde, Kataluniako prozesu subiranistaren ondorioz preso dauden buruzagi politiko eta sozialen senideek ere parte hartuko dute Bilboko martxan, herrialde horretako alderdi politikoetako ordezkariek ez ezik.

Aldezabalen hitzetan, «elkarbizitzarako eta bakerako ezinbestekoa» da presoen auziari irtenbidea ematea, eta, horretarako, dinamikarentzat beharrezkoa da, «ezberdinen arteko elkarrekintza oinarri», gizarte zibila «aktibatzea»: «Bake iraunkor integral baterako oinarriak gizartearen aktibaziotik etorri behar dira, eta horrek denon ardura eta ahalegina behar du». Dinamikak uste du euskal gizartea «garai berri batean» dagoela, eta hori baliatu beharra dagoela «gizarte bezala aurrera egiteko». Horretarako, ordea, «bakoitzaren bizipen, min edota ideologiak albo batera utzi gabe», herritarrak «elkartzen» dituen elementuetan jarri behar da «indarra, behin betiko sufrimendu ororen sorrera amaitu ahal izateko».

57 auzapezen atxikimendua

Ipar Euskal Herriko eragile politiko eta sozialen artean ere sostengu zabala izango du larunbateko martxak. Herenegun, Alderdi Sozialistak, EH Baik, EAJk, Frantzia Intsumisoak, Berdeek, UDIk, Modemek eta Generationek egin zuten bat deialdiarekin, eta, atzo, zerrendara batu ziren Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako 150 hautetsi inguru. Horien artean daude Vincent Bru Frantziako Parlamentuko diputatua, Denise Saint-Pe senataria eta hiru hiriburuetako auzapezak: Alfontxo Idiart Donibane Garazikoa, Jean Rene Etxegarai Baionakoa —eta Euskal Elkargoko lehendakaria— eta Mixel Etxebest Maulekoa. Guztira, 57 auzapezek babestu dute hilaren 12ko mobilizazioa.

60 bat sinatzailek agerraldi bat egin zuten atzo Baionan, atxikimenduak aurkeztu eta zergatiak azaltzeko. Etxegaraik hartu zuen hitza, eta orain arte bakegintzaren alorrean eta presoen auzia konpontzeko bidean emandako pausoak goretsi zituen. Kontrara, Frantziako Gobernuari deia egin zion berriro abia ditzan elkarrizketak euskal ordezkaritzarekin: «Elkarrekin egin dezagun bidea presoen hurbiltzeko eta eri edo kondena bukaeran direnak askatzeko». Izan ere, 2018 amaieran, gobernuarekin harremanetan den Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak jakinarazi zuen etenda daudela Justizia Ministerioarekin abiatutako solasaldiak. «Besterik gabe, oinarrizko eskubideak aplikatzeko» eskatu zioten atzo hautetsiek Emmanuel Macronen gobernuari.

Manifestazioak Bilboko Casillatik eta Baionako Errepublika plazatik abiatuko dira, 17:00etan. Hainbat herritan autobusak antolatu dituzte horietara joateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.