Iñaki Zarraoa. Gure Esku Dago-ko kidea

«Oraingoa demokrazia sakontzeko eta bidea prestatzeko garaia da»

Urtebete honetaz eta giza kateaz balorazioa egiteko herri batzordeekin batzarra egingo du Gure Esku Dago-k Arrasaten gaur (10:00). Han izango da Iñaki Zarraoa. Buru-belarri dabil dinamikan.

LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2014ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
1991-1999 artean EITBko zuzendaria izan zen Iñaki Zarraoa (Bilbo, 68 urte), eta kargu horretan Andoni Ortuzarrek ordezkatu zuen. 1999-2007 artean Getxoko alkatetzan egon zen; lehen agintaldian EAJren ordezkari zela, eta bigarrengoan, EAJ-EAren ordezkari. Tartean —2004an—, EAJko Bizkai Buru Batzarreko presidentetza eskuratzeko, Iñigo Urkullurekin lehiatu zen —Urkullu nagusitu zen—. «Atseden hartzeko,erretiratu baten bizia egingo dut», esan zuen Zarraoak alkatetza uztean. Baina Independentistak sarean sartu zen gero, eta urtebete honetan Gure Esku Dago dinamikan dabil, buru-belarri.

Gaur Gure Esku Dago-k Arrasaten herri batzordeekin egingo duen batzarrean izango al zara?

Bai.

Mezuren bat emateko asmorik?

Gure Esku Dago-n gero eta jende gehiago nahi badugu, erabakitzeko eskubidea defenditzen segitu behar dugu, pausoak neurtuz. Jendeak ikusi behar du eskubide baten defentsan ari garela, ez proiektu politiko baten alde.Sinesgarritasuna izateko, tentuz aritu behar gara.

Zer balorazio egiten duzu Gure Esku Dago-k martxan daraman urtebete honetaz?

Ona. Gauzak azalduz joan gara eta inguratu zaigu jendea. Toki askotan aniztasuna izatea lortu da, baina beste batzuetan ez. Herrialdeka ere desoreka batzuk gertatu dira: Bizkaian eta Gipuzkoan oso ondo gabiltza, 130en bat batzorde baitaude, baina Araban eta Nafarroan ez da mobilizazio handirik egon giza katearen aurreko asteak arte. Iparraldean, hasi baino ez dira egin.

Zergatik dago lurralde desoreka hori?

Araban ez daude herri asko ere. Nafarroako kasua desberdina da. Han baliteke beste lehentasun batzuk izatea edo burua beste toki batean izatea, hango egoera politiko-instituzionalagatik. Baina lasai gaude, erabakitzeko eskubidearen aldeko herri dinamika hau hasi besterik ez delako egin.

Hasi baino ez, baina ekainaren 8ko giza katean 150.000 lagun baino gehiago bildu zenituzten.

Lehertze bat bezala izan da giza katea. Guretzat, ustekabe ona eta handia. Gizartean oso eragin onuragarria izan du, gainera, han bildu ginenak pozik ibili ginelako, festa giroan.

Ordezkari politiko batzuek oso bukaeran eman zuten izena.Behartuta sentitu zirelako?

Ikusten zuten giza katea garrantzitsua izango zela, eta haiengan ere eragina izan du honek denak. Batzuek Europako hauteskundeak pasatu ondoren jakinarazi zuten jarrera, askoz libreago sentituko zirelako orduan. Hala ere, gu alderdiekin bildu izan garenean, ez diegu atxikimendurik eskatu alderdi gisa .

Aniztasuna aipatu duzu. Zenbaterainoko pluraltasuna dago Gure Esku Dago-ren bueltan?

Oraingoz, gustura gaude alde horretatik. Kontuan hartu behar da hemengo gatazkagatik esparru askotako jende bat urteetan hitz egin gabe egon dela. Gure Esku Dago dela-eta elkartzen hasi dira, eta hori oso ona da. Eta inguratu ez denari ez diogu ezer leporatuko. Aurrera begiratu behar dugu, erabakitzeko eskubidearen esparruak atsegina izan behar du, ez borrokarako toki bat, eta bide honetan egingo dugu topo elkar.

Euskal Herrian zergatik ez du independentziaren aldarrikapenak halako zentraltasuna hartu?

Erabakitzeko eskubidearen alde jende gehiago dago, independentziaren alde baino. Hura aldarrikapen zabalagoa da. Independentista garenok ere ikusten dugu topagunerako aldarri bat izan daitekeela erabakitzeko eskubidea. Herritar denek ondo ulertzen dute zer den eskubide hau, eta oso jende gutxi dago kontra. Horren ondorioz, zenbat eta gehiago landu erabakitzeko eskubidea, hori gauzatzen denean emaitza ontzat joko da gizartean. Hori du ona.

Erabakitzeko eskubidearen fasea al da hau?

Niretzat bai. Demokrazia sakontzeko eta bidea prestatzeko garaia da hau. Bestalde, mugimendu honek lurraldetasun oreka behar du: indar handiagoa egin behar da Araban, Nafarroan eta Iparraldean.

Lehen ere izan dira saioak Euskal Herrian autodeterminazioaren edo erabakitzeko eskubidearen alde. Zergatik ez ziren atera aurrera?

Ibarretxeren garaikoa mugimendu instituzional bat izan zen, ez gizartetik sortutakoa. Madrilek ostikoa eman zuenean, gizarteak ez zuen erantzun. Orain, Gure Esku Dago-k nahi du gizarteak babestu eta bereganatu dezala erabakitzeko eskubidea.

Zuk ikusten al dituzu euskal instituzioak, alderdi politikoak eta gizartea Madrilen hurrengo balizko ostikoaren ondoren elkarrekin lanean, aurrera egiteko?

Horraino iristeko falta da oraindik, baina gauzak bat-batean ere alda daitezke. Ikusiko da [EAEko] autogobernu lantaldean zer erabakitzen duten.

Nola eragin dezakezue?

Gizartea mugimenduan jartzen bada, alderdi politikoek askoz indar handiagoa izango dute pausoak emateko. Eta pausoak emandakoan, hemen, Katalunian bezala, instituzioek bide bat egingo dute, demokratikoa eta legearen barruan, saiatu eta saiatu. Garbi azaltzen bada zer nahi dugun eta Espainiako Gobernuak ez badigu uzten, hor dago nazioarteko jurisprudentzia; hau da, nazioarteak esan du aldebakarreko bideak ere zilegi direla. Hor dugu Kosovoko kasua. Eta, bestela, hor ditugu adostutako bideak ere: Quebecekoa eta Eskoziakoa.

Ikusten al dituzu EAJ eta EH Bildu batera lanean etorkizunean?

Erabakitzeko eskubidearen inguruan bai. Beste kontu bat da gobernagarritasuna.

Eta lurraldetasunean?

Aukera egon liteke gauzak adosteko. Baina lehenagoko lana da erabakitzeko eskubidearen aldeko oinarria zabaltzea. Horrez gain, independentistok pausoka joan behar dugu.

Zeuk zer diozu lurraldetasunaren kontuaz?

Hau pertsonalki esango dut, ez Gure Esku Dago-ko kide gisa: esparru batean nahiko gehiengo baldin badago aurrera joateko, aurrera jo behar da. Hau da, hasieratik independentziaren bidea EAEk soilik jorratu behar badu, jorra dezala. Ibarretxeren plan hartan gauzak ondo marraztuta zeuden. Dena dela, independentiston artean gehiengoak beste era batera pentsatzen badu, ez dut batere arazorik itxoiteko. Eta, egia esan, hau bada igual itxoiteko garaia.

Zer dela eta?

Nafarroagatik diot. Han gauzak bizkor ari dira aldatzen. Datorren urteko foru hauteskundeetan igual izango dugu bestelako gobernu bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.