Ordaindu ezin diren babes ofizialeko etxeak bankuen esku uztea babestu du PSNk

UPNk argudiatu du Iruñeko gobernuak ezin duela hartu etxe horien ardura, ekonomikoki bideragarria ez delakoan

Stop Desahucios elkartearen elkarretaratzea, atzo. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Jon Rejado.
2012ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Nafarroa Baik proposamen bat aurkeztu zuen atzo Nafarroako Parlamentuan, babes ofizialeko etxebizitzen kopuruari eusteko: hipoteka ez ordaintzeagatik bankuen esku gera daitezkeen etxebizitzak Nasuvinsa sozietate publikoak erostea proposatu zuen. Txentxo Jimenez parlamentariak gogorarazi zuen babestutako etxeek eskuratzean izaera hori galtzen dutela bankuen esku geratzean. Ordea, PSNk ez zion babesik eman proposamen horri, eta orain arteko politikari babesa eman zion. Horrenbestez, parlamentuak ez zion eskatu Nafarroako Gobernuari neurri horiek har zitzan.

«Orain arte, PSNk ez du bozkatu hipoteka ez ordaintzeagatik galdutako etxebizitzen harira proposatutako ezer». Txentxo Jimenezek hitz horiekin kritikatu zuen PSNren jokabidea. Gaur egun babes ofizialeko etxebizitza batean bizitzeko 6.000 eskari daudela gogorarazi zuen. Alegia, Nasuvinsak etxeak eskuratu ondoren erraz beteko zituela azaldu zuen. Bilduk eta Ezkerrak babesa eman zioten.

Ekimenaren kontrako botoa argudiatzeko, Maria Victoria Castillo UPNko parlamentariak azaldu zuen egungo testuinguru ekonomikoan Nafarroako Gobernuak ezin duela etxebizitzarik erosi. Bide batez, Nasuvinsak etxerik ezin duela erosi azaldu zuen, eta gaia epe ertainera aztertzearen alde agertu zen. PPk ere NaBairen ekimenaren aurkako botoa eman zuen.

Elkarretaratzeak

Hainbat elkartek elkarretaratzeak egin dituzte, etxetik botatako pertsonen kasuak salatzeko. Sendia EAEko Familiaren Elkarteko kideak Bilboko justizia jauregiaren aurrean bildu ziren atzo haien egoera salatzeko. Elkarte familiei laguntza ematen die, eta, azkenaldian, etxea galtzeko zorian egon direnei ere lagundu die. Ordea, apirilaren 30ean, elkarte horrek kasu egiteko zuen etxebizitza eta egoitza galdu zituen, alokairua ordaintzeko ezintasunagatik. Pagatzeko borondatea agertu arren, azaldu du pisuko jabeak ez diela utzi pisuan sartzen, ezta txostenak eta lan egiteko materiala hartzeko ere.

Horrez gain, Stop Desahucios elkarteak elkarretaratze bat egin zuen atzo eguerdian, Kutxabanken egoitzaren nagusiaren aurrean, Bilbon. Banku horrek inorekin negoziatzeko asmorik agertu ez duela salatu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.