Ordezkapenei buruz sindikatuekin ez du hitz egin nahi Iribasek

Akordiorik batere gabe amaitu da sindikatuen eta sailburuaren bilera; grebarekin segitu edo ez gaur dute erabakitzekoa

Garikoitz Goikoetxea.
2011ko urriaren 7a
00:00
Entzun
Lekutan dago sindikatuak eta Nafarroako Hezkuntza Departamendua ados jartzea. Bilera zuten atzo, eta mugimendurik batere ez zen izan. Sindikatuek berretsi dute lehenbailehen konpondu beharreko auziak direla ordezkapenena eta datorren urteko aurrekontuena; gobernuak, ordea, uko egin dio horiei buruz aritzeari, eta eskoletako proiektuak-eta jarri ditu mahai gainean. «Nahi dituen gaiei buruz soilik nahi du hitz egin», salatu du LAB sindikatuko kide Expe Iriartek. Ordezkariek oharra egin diote gobernuari: lehentasuna duten gaiei buruz hitz egiteko deitzeko bilerara, ez beste kontu batzuetarako. Hurrengo bilerarako egunik ez dute.

Hiru aldiz eskaria egin ondoren batzartu ziren atzo Jose Iribas kontseilaria eta ordezkaritza duten bederatzi sindikatuetako ordezkariak. Agenda arazoak zituela argudiatuta, bilera atzeratzen aritu da orain arte kontseilaria.

Ordura arte azaldu gabeko gai zerrenda batekin agertu zen Iribas, LABeko kidearen arabera. «Gaiak eta negoziatzeko egutegi bat eraman ditu, betiere hark nahi dituenak». Sindikatuetako ordezkariek ezetz, lehentasuna ordezkapenen auziak eta aurrekontuenak dutela. Gaixo dauden irakasleen ordezkoak 15 egun baino lehen ez dituela jarriko erantzun die berriro ere Iribas kontseilariak; eta aurrekontuei buruz, berriz, ahal duena egingo duela.

Batasuna, kolokan

Gobernuarekin negoziazioak ez aurrera ez atzera daudelarik, bilera dute gaur sindikatuetako ordezkariek, greba deialdiarekin zer egin argitzeko. Hilaren 27rako dute antolatua, eta aurrez beste protesta batzuk ere iragarriak dituzte. Ordea, oso litekeena da bederatzi sindikatuek orain arte agerian behintzat izan duten batasuna haustea gaur. Bi taldek dagoeneko iragarri dute ez dutela babestuko greba egiteko deialdia; UGTk ere jakinarazi du kideei galdetu diela eta aurka egin dutela.

Sindikatuak ez ezik, ikasleak ere hasi dira protestan. Atzo eguerdian, ikasleen elkarteek deituta, 200 bat elkartu ziren Iruñean, departamenduaren atarian, murrizketak salatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.