Ordiziako fokuan 35 pertsona kutsatu dira oraingoz, eta alkateak «autokonfinatzeko» eskatu du

Beste hemeretzi positibo daudela jakinarazi du Osasun Sailak, eta dagoeneko mila PCR baino gehiagoren emaitzak jaso dituzte. Alkateak "kutsatze komunitario bat" dagoela esan du.Murgak baztertu egin du konfinamendua ezartzea, baita joan-etorriak mugatzea ere. Itxi zituzten Haka, Miami eta Kebab tabernetako zerbitzariek negatibo eman dute. Biharko azoka bertan behera utzi du Udalak, eta kiroldegia, jolas parkeak eta liburutegia itxi ditu.

Udaletako eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak, Zumarragan bilduta. ORDIZIAKO UDALA
Irati Urdalleta Lete - Jon Ordoñez Garmendia
2020ko uztailaren 7a
11:10
Entzun

Beste hemeretzi positibo baieztatu dituzte gaur Ordizian (Gipuzkoa). Mila PCR baino gehiagoren emaitzak dituzte, eta, aurretik baieztatuta zeuden kasuak kontuan hartuta, 35 pertsona kutsatu dira agerraldian, oraingoz. Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak eman ditu datuok, eta adierazi 1.700 PCR inguru egin dituztela bi egunean. Jakinarazi duenez, kutsatuta dauden guztiak ez dira Ordiziakoak, ezta Goierri eskualdekoak ere. Agerraldiaren jatorria ere zehaztu dute: Lleidatik (Herrialde Katalanak) etorritako pertsona bat. Konfinamendua ezartzea baztertu du Murgak, baita joan-etorriak mugatzea ere, eta gogorarazi du distantzia mantendu ezin denean maskara erabiltzea beharrezkoa dela. Gainera, gaueko aisialdia mugatzea aztertzen ari dira. Irmo mintzatu zen Adur Ezenarro Ordiziako alkatea: «Argi dago transmisio komunitario baten aurrean gaudela; orain ikusi beharko da transmisio horren hedapena zein den».

Datu horien berri izan bezain laster —Eusko Jaurlaritzak argitara atera arte ez du horien berri izan Ordiziako Udalak—, hainbat neurri hartu ditu Ordiziako Udalak bere aldetik: jolas parkeak, Majori kiroldegia, liburutegia eta eraikin publiko guztiak itxi ditu, eta bertan behera utzi du bihar egitekoa zen asteazkeneroko azoka. Adur Ezenarro alkateak BERRIAri adierazi dio ez duela baztertzen arratsaldean neurri gehiago hartu behar izatea, Ordiziako, Beasaingo, Idiazabalgo eta Lazkaoko alkateekin Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak egingo duen jarraipen batzordean.

Jarraipen batzordea 17:00etan bilduko da, eta, bi ordu lehenago, Segurtasun Sailak beste bilera bat du Ordiziako udaltzainekin. BERRIAk jakin duenez, dagoeneko hainbat neurri zorrozteko dekretua prestatzen ari dira. Besteak beste, tabernetako terrazen erabilerari eragin diezaieke horrek. Murgak azaldu du arratsalderako jarraipen batzordearen helburua dela datuak aztertzea, eta, «beharrezkoa balitz, neurriak hartzea».

Gaur beste 540 proba

«Osasuna da gure lehentasuna da, eta osasuna zaintzeko beharrezkoak diren neurriak hartuko ditugu», ohartarazi du Murgak. Azpimarratu duenez, beharrezkoa dela ikusiz gero, ez dute zalantzarik egingo «irmotasunez» aritzeko. Sailburuaren esanetan, atzo 985 PCR proba egin zituzten, eta beste 540 egingo dituzte gaur. Horien emaitzei atzo egindako beste 300 proben emaitzei gehitu beharko zaizkie datozen egunetan fokuaren tamaina zein den jakiteko. Biharko ere txandak ematen ari dira osasun etxean.

Positibo kasuen igoerak bi arrazoi ditu, Osasun sailburuak esan duenez: azken 24 orduetan beste hamalau kasu atzeman dituzte, eta ikerketak eginda ondorioztatu dute aurretik atzemandako positibo batzuek ere lotura dutela herri horretako agerraldiarekin. Orain arte egindako lana ere azpimarratu du Murgak, eta zehaztu du karpek bertan jarraituko dutela, beharrezkoa den arte. Positibo eman duten guztiak dagoeneko bakartuta daude, eta euren kontaktuak azaltzen ari dira. Erlazio sozialetan kutsatzea posible dela azpimarratu du, eta oroitarazi du maskarak erabili behar direla, «Ordizian gertatutakoa beste edozein herritan gertatu daiteke eta».

Haka, Miami eta Kebabeko zerbitzariek, negatibo

Goizean datu ofizialik ez zegoen arren, Adur Ezenarro alkateak jakinarazi du «positibo batzuk» atzeman dituztela atzo Ordizian egindako PCR probetan. Erantsi du herritarren bidez jakin ahal izan dutela pare bat herritarrek behintzat jaso dutela positibo eman dutela dioen mezua; itxi dituzten hiru tabernetako —Haka, Miami eta Kebab— zerbitzariek, berriz, negatibo eman dute. Hala ere, alkateak lasai egoteko mezua zabaldu nahi izan du. Izan ere, esan duenez, Osasun Publikotik adierazi diete hainbeste proba eginda «oso zaila» dela positiborik ez egotea, baina ez duela horrek esan nahi Sarri tabernako fokuarekin lotura dutenik.

900 PCR proba inguru egin zituzten atzo, eta iluntzean jakinarazi zuten lehen 91 emaitzek negatibo eman zutela. PCR probak modu masiboan egiten ari dira atzo goitzetik herrian, larunbatean Etxezarreta kaleko Sarri tabernan COVID-19 foku bat atzeman zela eta: oraingoz, zazpi dira positiboak, eta ehun pertsona inguruk izan dute zuzeneko harremana haiekin.

Nekane Murgak eguneko datuak ere eman ditu: lau positibo atzeman dituzte Bizkaian, eta hamabost Gipuzkoan. Atzo COVID-19ak ez zuen inor hil.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.