Botere publikoek hartutako segurtasun neurriak gaindituz kalte andana eragin ditu ekaitzak astelehen gauean, Lapurdiko kostaldean. Donibane Lohizunen, Helianthal talasoterapiako berinak hautsi dituzte uhainek eta ura eraikinaren barnera sartu da. Suhiltzaileak ura ateratzen ari dira goiz honetan. Hendaian, uholdeak izan dira eta itsa bazter guzi itxia daukate oraindik, eta zirkulazio eta aparkatze oro debekatzen segituko dute. Biarritzen ere uhain handiak izan dira gau guzian, baina Herriko Etxeak jarritako hondar zakuek itsasoaren gorakada sahiestu dute. Goizaldean, babes-neurriak indartzen ari ziren herriko langileak. Atzo, Angeluko hondartza guziak itxi zituzten uhain azkarren menturagatik.
Denboraleak eragindako kalteen balorazioa egin du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik. Azaldu duenez, Bermeon, haizeak eta itsasaldiak portuko kai muturraren ia 30 metro hondatu dituzte, eta beste hamar mugiarazi; hondatuak suertatu dira, halaber, arraunerako pantalana, bi flotagailu, zementuzko arrapala, hainbat kutxatila tapa eta urak eramandako beste zenbait elementu. "Lehen ebaluazioak emandako behin-behineko datuak" dira horiek.
Zarautzen, olatuen indarrak kalteak eragin ditu malekoiko zenbait lokaletan. Surf eskolan eta sozietate gastronomiko batean larriagoak izan dira ondorioak. Argiñanoren jatetxe inguruan, olatu zakarrek harri eta hondarrak mugiarazi dituzte.
Donostian, berriz, olatuek Pasealeku Berrian, Eguzki inguruan eta Kontxako Rotonda diskotekan eragin dute, eta hainbat hesi metro eraman dituzte, kirol instalazio eta tabernetako terrazei kalte egina, segurtasun neurriak jarri arren. Ondarretako hondartzan ere izan dira kalteak (hiri altzariak), eta baita Mundaizko eta Maria Kristinako zubietan ere. Pasealeku Berriko olatuak –bihar arte itxita egongo da– Zuloaga plazaraino eta Aldamar kaleraino sartu dira. Itsasgorak eta Urumea ibaiaren ur goraldiak ur irteera txikiak sortu dituzte Urkiko biribilgunean, Txomineko haur parkean eta Martutueneko espetxearen atzealdean. Kirol eta arrantza portuetan ez da kalte berezirik izan.
Hondarribian, itsasoak finger bat edo kirol pantalanerako sarbide bat hautsi du, eta olatuek indarrez jo dute Butron pasealekuan. Pasaian, itsas txalupa bat jitoan geratu, eta Oiartzun ibairaino iritsi da. Orobat, zenbait garaje eta San Pedroko zenbait atari hondatu dira. Orion, hondartza babesteko hesiaren 25 metrori kalte egin diete urek.
Zumaian, hondatuta geratu da itsasoko kai mutur handiko komun publikoa, bai eta seinale eta galtzada harriak ere. Getarian, olatuek jatetxe bateko kristalak hautsi dituzte. Mutrikun, kirol pantalanetan kalte arin batzuk izan dira. Oraingoz, ezin da hondartzako pasealekutik ibili. Ondarroan, aparkatutako zenbait ibilgailu astindu ditu urak, eta alde zaharrean ere sartu da.
Getxon, Ereagarako eta Kirol Porturako sarbidea zabalik da, baina Alde Zaharrerako pasealekuak itxita jarraitzen du. Ereagan, urak hainbat baranda metro eraman ditu aurretik, eta hondartzako instalazioetara ere sartu da.
Lea-Artibai eta Mutrikuko Hitza-k grabatu ditu Artibai ibaiaren irudiak Ondarroan.
[Youtube]https://youtu.be/efztqhg6q2Q[/Youtube]
Bestalde, etenda egon da Getaria eta Zarautz (Gipuzkoa) arteko zirkulazioa N-634 errepidean bi noranzkoetan, baina zabaldu dute jada bidea. Errepide horretan ere kalteak izan dira olatu kolpeen ondorioz.
Hainbat kalte eragin ditu goizaldeko itsasaldiak Zarautzen https://t.co/LeMCbaXCompic.twitter.com/nRxJexSQuW
— Zarauzko Hitza (@zarauzkohitza) February 9, 2016
#Zarautz#Alertagorria Olatuek Getariako bidean kalteak eragin dituzte. pic.twitter.com/YMEyQRVWoF
— Xabier Txurruka (@XabiTxurruka) February 9, 2016
Itsasuek Bermeoko Portu zaharrien gainez. pic.twitter.com/k0UFbxeRNd
— Josu Imanol Unanue (@unanuejosu) February 9, 2016
Bermeoko kai-muturrak kalteak izan ditu, SOS Deiak dioenez. RT @ea2ip: @112_SOSDeiak Bermeo pic.twitter.com/8xrIXz1pnZ
— Busturialdeko Hitza (@BusturiaHitza) February 9, 2016
Itsaso kolpeak gauean - Golpes del mar esta noche en Hondarribia @Euskalmet@eguraldiaETB@eguraldia@112_SOSDeiakpic.twitter.com/SY7ARKMZWO
— Hondarribiko Udala (@HondarribiaUdal) February 9, 2016
Itsasgora pasata, kalte materialak besterik ez dira gertatu. #olatupic.twitter.com/ZXWbCE2VjG
— DYA Gipuzkoa (@DYAGipuzkoa) February 9, 2016
05:02an izan da itsasgora. Alarma gorria amaituta, alerta laranja emana du Euskalmetek 07:00etatik asteazkeneko 06:00ak arte.