Oria ibaiak gainezka egin du

Istripu bat gertatu da N-1 errepidean euri jasaren ondorioz, eta hamar bat kilometroko auto ilarak sortu dira. Andoaingo bizilagunak kezkatuta daude, ura gora eta gora ari baita.

Oria ibaiak gainezka egin du Andoainen, eta inguruko kaleetako garageetan sartu da. BERRIA
nerea intxausti
Andoain
2024ko otsailaren 27a
13:15
Entzun

Euria goian behean ari du orain ordu batzuetatik Euskal Herriko hainbat tokitan. Istripuak eragin ditu leku batzuetan: esaterako, bi autok elkar jo dute N-1 errepidean, Villabonatik gertu (Gipuzkoa). Irunera doan bidea itxi egin behar izan dutela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak. Horrek auto ilarak sortu ditu errepidean: 10:00etan hamar kilometro luze ziren ilarak. Denbora pasatu ahala, halere, gutxituz joan dira.

Oria ibaiak ere gainezka egin du euri jasagatik. Andoain parean ura abiadura bizian zihoan eguerdian. Ibaiaren gorakadak ez ditu hango bizilagunak ezustean harrapatu, baina herritar asko hurbildu dira ertzera, hura gertutik ikustera. Haietako batek BERRIAri adierazi dio «normalean baino pare bat metro gehiago» egin duela gora urak. Beste batzuk arduratuta daude, «urtean pare bat aldiz behintzat» ibaiak gainezka egiten duelako. 

Ibaitik gertu dauden lokalek eta etxeek jada jarrita zeuzkaten babesak ate parean: ura sartuko zaien beldur dira. Ernaitza liburu denda ibaitik oso gertu dago. Jabeak, Garikoitz Plazaolak, gau osoa pasatu du bertan, «badaezpada». Larrituta dago, «100 bat litro» euri egitea ez delako «hain arraroa», eta egiten duen bakoitzean gainezka egiten duelako Oriak. Ura dendaraino ez iristea espero badu ere, babesa jarri du ate parean, liburuek ez baitaukate erremediorik bustitzen badira. 

Dena dela, beste garaje batzuetan ezin izan dute babesik jarri, ura ia sabairaino heldu baitzaie, argazkian ikus daitekeen moduan. 

Eguerdian urari metro eskas falta zitzaion Zumea kaleko zubira heltzeko, eta Udaltzaingoak gero eta gune zabalagoa itxi du zintaz, oinezkoak pasatu ez daitezen. Marea behera bazihoan ere, ura gora egiten ari zen oraindik. Berez, eguerdian amaitu da alerta egoera, baina bizilagun batzuk erne eta kezkatuta daude oraindik ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.