Orioko (Gipuzkoa) kamioilari bat lan istripuan hil da Cortesen (Nafarroa), zehazki, bere kamioiaren atoian zama mugitzen ari zela xafla batzuek azpian hartuta.
Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, Cortesko Las Cadenas jatetxeko enplegatu batek aurkitu du 47 urteko I.M.I.M. hilotz, kamioiaren atoiaren barruan, bart gaueko hamaikak aldera.
Ordu batzuk lehenago iritsi behar zuen kamioilari oriotarrak lantokira, eta agertzen ez zelako kezkatuta, haren aztarrenaren bila hasi zen enpresa. Lankide batek I.M.I.M.ren kamioia Cortesko Las Cadenas jatetxeko aparkalekuan ikusi zuen, eta jatetxekoei laguntza eskatu zieten. Arestian esan bezala, hango enplegatu bat izan zen kamioira hurbildu eta hilotza aurkitu zuena.
Hain zuzen ere, atoiaren barruan aurkitu zuen I.M.I.M., hilda, eta zama artean harrapatuta. Lanerako eskularruak jantzita zituen. Ikerketen arabera, atoi barruko zama mugitzen ari zela xafla batzuek gainera erori zitzaizkion kamioilari oriotarrari, eta zapalduta hil zen. Gorpua gaueko hamaiakak aldera aurkitu duten arren, oraindik ez dute argitu istripua noiz izan zen.
LAB sindikatuaren arabera, aurten lan istripuetan Euskal Herrian hil den hirugarren langilea da.
Lan istripua
Orioko kamioilari bat hil da Cortesen, zamak azpian harrapatuta
Kamioi barruan gertatu da ezbeharra, atoi barruan zama mugitzen ari zela. Bart gauean aurkitu dute hilotz, baina ordu batzuk lehenago zendu zela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu