Urte politikoa hasi zuen atzo EAJk Zarautzen (Gipuzkoa), Espainiako Gobernua osatzeko negoziazio bete-betean eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «erabakitzeko gaitasunean sakontzeko konbentzio konstituzional bat» sortzea proposatu ostean. Horietaz jardun da EAJren EBBko lehendakari Andoni Ortuzar, eta nabarmendu du EAJk bultzatuko duela «autogobernuan eta aurrerabidean» aurrera egitea ahalbidetuko duen eztabaida politikoa «benetan» irekitzea: «Autogobernua eta aurrerabidea dira EAJren lekua».
Urkulluk «aldebikotasunari» erreparatu zion herenegun, eta «erabakitzeko gaitasuna» jorratu nahiko luke proposatu duen konbentzio horretan, «autogobernuan» aurrera egiteko eta, aldi berean, «estatuaren plurinazionaltasuna» arauetan islatzeko. Atzo, Ortuzarrek nabarmendu zuen EAJk bere «energia eta gaitasun politiko guztiak» eskainiko dizkiola hori lortzeari.
Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren autogobernuan sakontzeko proposamena Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioen garaian egin dute jeltzaleek, eta atzo Ortuzar sozialistei mintzatu zitzaien: «PSOEk aurrez aurre aukera historiko bat du alternatiba desberdin bat eraikitzeko, demokrazian, eskubideetan eta askatasunetan sakonduko duena. Estatuan dauden errealitate nazionalen autogobernu nahiei errespetua izan beharko lieke lurralde ereduak».
Esan zuen Espainiako Gobernuko jarduneko presidente Pedro Sanchezek eta «Euskadik» eta Kataluniak elkarren beharra dutela, eta adierazi zuen behar hori «borondate politiko» bihurtu beharko litzatekeela, « beharrezko aldaketa eta politikak adosteko». Sanchezi beste mezu hau ere helarazi zion: «Ez du ahaztu behar ez dituela hauteskundeak irabazi; Moncloan mantentzeko euskal herritarren eta katalanen babesa behar du».
Hala ere, une honetan PPko Alberto Nuñez Feijoo ari da gobernua osatu ahal izateko negoziazioetan, eta EAJrengana ere jo du. Ortuzarrek atzo adierazi zuen jeltzaleek ez diotela babesik emango «gobernu inboluzionista bati», eta nabarmendu du Vox alderdi ultraeskuindarra «ekuazioaren barruan» beti egon dela: «Vox ekuaziotik kanpo benetan egongo balitz, PPk, Moncloara iristeko, bermatuak dituen baino 37 boto gehiago beharko lituzke. Vox pasilloaren erdian dagoen elefante bat da, eta, ezkutatu nahi duten arren, ezin dute».
Kritika PPri
«PPren argudioak eta programa oso gogorrak izan dira, hauteskundeen aurretik eta ondoren, Estatu ereduaren edozein egokitzapenen eta Euskadiren eta Kataluniaren aitortza nazionalaren aurka. Gainera, atzerakoia izan da gai sozialetan», kritikatu du EBBko lehendakariak. Halaber, Espainiako politikari «antzerki» deitu dio.
«Orain Madrilen jende asko kezkatuta dago EAJ lagun giro ezkertiar batez inguratzen ari delako. Baina eskuin espainolaren artegira eraman nahiko gintuzketenek, gure alderdiaren egungo egoeraz benetan arduratuta daudenek eta ezker-eskuin ardatz faltsuan non kokatzen garen kezkatzen duenak jakin behar du EAJ beti egon den tokian dagoela: jendearen eta euskal gizartearen alboan», adierazi du EAJren EBBko lehendakariak bere alderdikideen aurrean, Zarautzen egindako ekitaldi politikoan.
EAJ
Ortuzar: «Autogobernua eta aurrerabidea dira EAJren lekua»
EBBko lehendakariak nabarmendu du «autogobernuan eta aurrerabidean» aurrera egitea ahalbidetuko duen eztabaida politikoa «benetan» irekitzea bultzatuko dutela jeltzaleek

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu