Ortuzar: «Autogobernua eta aurrerabidea dira EAJren lekua»

EBBko lehendakariak nabarmendu du «autogobernuan eta aurrerabidean» aurrera egitea ahalbidetuko duen eztabaida politikoa «benetan» irekitzea bultzatuko dutela jeltzaleek.

EAJren EBBko lehendakari Andoni Ortuzar, gaur, Zarautzen egindako ekitaldi politikoan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko irailaren 1a
22:04
Entzun 00:00:0000:00:00

Urte politikoa hasi du gaur EAJk Zarautzen (Gipuzkoa), Espainiako Gobernua osatzeko negoziazio bete-betean eta Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk «erabakitzeko gaitasunean sakontzeko konbentzio konstituzional bat» sortzea proposatu ostean. Horietaz jardun da EAJren EBBko lehendakari Andoni Ortuzar, eta nabarmendu du EAJk bultzatuko duela «autogobernuan eta aurrerabidean» aurrera egitea ahalbidetuko duen eztabaida politikoa «benetan» irekitzea: «Autogobernua eta aurrerabidea dira EAJren lekua».

Urkulluk «aldebikotasunari» erreparatu zion atzo, eta «erabakitzeko gaitasuna» jorratu nahiko luke proposatu duen konbentzio horretan, «autogobernuan» aurrera egiteko eta, aldi berean, «estatuaren plurinazionaltasuna» arauetan islatzeko. Gaur, Ortuzarrek nabarmendu du EAJk bere «energia eta gaitasun politiko guztiak» eskainiko dizkiola hori lortzeari.

Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren autogobernuan sakontzeko proposamena Espainiako Gobernua osatzeko negoziazioen garaian egin dute jeltzaleek, eta gaur Ortuzar sozialistei zuzendu zaie: «PSOEk aurrez aurre aukera historiko bat du alternatiba desberdin bat eraikitzeko, demokrazian, eskubideetan eta askatasunetan sakonduko duena. Estatuan dauden errealitate nazionalen autogobernu nahiei errespetua izan beharko lioke lurralde ereduak».

Esan du Espainiako Gobernuko jarduneko presidente Pedro Sanchezek eta «Euskadik» eta Kataluniak elkarren beharra dutela, eta defendatu du behar hori «borondate politiko» bihurtu beharko litzatekeela, « beharrezko aldaketa eta politikak adosteko». Sanchezi beste mezu hau ere helarazi dio: «Ez du ahaztu behar ez dituela hauteskundeak irabazi; Moncloan mantentzeko euskal herritarren eta katalanen babesa behar du».

Hala ere, une honetan PPko Alberto Nuñez Feijoo ari da gobernua osatu ahal izateko negoziazioetan, eta EAJrengana ere jo du. Ortuzarrek gaur adierazi du jeltzaleek ez diotela babesik emango «gobernu inboluzionista bati», eta nabarmendu du Vox alderdi ultraeskuindarra «ekuazioaren barruan» beti egon dela: «Vox ekuaziotik kanpo benetan egongo balitz, PPk, Moncloara iristeko, bermatuta dituenak baino 37 boto gehiago beharko lituzke. Vox pasilloaren erdian dagoen elefante bat da, eta, ezkutatu nahi duten arren, ezin dute».

Kritika PPri

«PPren argudioak eta programa oso gogorrak izan dira, hauteskundeen aurretik eta ondoren, Estatu ereduaren edozein egokitzapenen eta Euskadiren eta Kataluniaren aitortza nazionalaren aurka. Gainera, atzerakoia izan da gai sozialetan», kritikatu du EBBko lehendakariak. Halaber, Espainiako politikari «antzerki» deitu dio.

«Orain Madrilen jende asko kezkatuta dago EAJ lagun giro ezkertiar batez inguratzen ari delako. Baina eskuin espainolaren artegira eraman nahiko gintuzketenek, gure alderdiaren egungo egoeraz benetan arduratuta daudenek eta ezker-eskuin ardatz faltsuan non kokatzen garen kezkatzen duenak jakin behar du EAJ beti egon den tokian dagoela: jendearen eta euskal gizartearen alboan», adierazi du EAJren EBBko lehendakariak, bere alderdikideen aurrean, Zarautzen egindako ekitaldi politikoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.