Aberri Eguna

Ortuzarrek egungo autogobernu maila "defendatzea" galdegin du

EAJko buruak nazionalismo espainiar "autoritarioa" kritikatu du, eta PPri ohartarazi dio EAJren elkarlana lortu nahi badu "mehatxua eta jazarpena" alboratu behar dituela.

Andoni Ortuzar EAJre EBBko presidentea, gaur, Bilboko Plaza Berriko ekitaldian. ARITZ LOIOLA, FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko apirilaren 1a
17:21
Entzun

Ohikoa duen bezala, EAJk Bilboko Plaza Berrian egin du aurten ere Aberri Eguneko ekitaldi politikoa. EAJren Euskadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzarrek Hegoealdeko euskal lurraldeen autogobernua eta Espainiako egoera politikoa izan ditu hizpide, PDeCAT eta JxC Kataluniako indar independentisteako ordezkariak entzuleen artean zirela. Ortuzarrek Espainiako politikak bizi duen egoera "izugarri zaila" dela nabarmendu du, eta egungo autogobernuari eustea ezarri du lehentasun.

"Badakigu, krisi honetan dena gaizki baldin badoa, boterera heldu nahi duten ur nahasietako arrantzaleak daudela", adierazi du EAJko burua, Ciudadanosi erreferentzia eginez. "Hori oso txarra litzateke Euskadirentzat", ziurtatu du.

Espainian nazionalismo "autoritarioak" gorakada bizi duela adierazi du Ortuzarrek, eta kezkagarria deritzo horri. Ortuzarrek kritikatu du nazionalismo horrek "ingurukoak mendean hartzea" beharrezkoa duela "bere burua baieztatzeko". "Hori ez da nazionalismoa, hori autoritarismoa da".

Jarrera horrekin, ez da posible izango EAJren eta PPren arteko lankidetza, Ortuzarren esanetan. "Salbuespenezko politikara garamatzaten erabakiak hartzeari utzi behar zaio". Horrez gain, EAJko buruak PPri galdegin dio "mehatxua eta jazarpena" baztertzeko. Madril Kataluniako auziarekiko izaten ari den jarrera gaitzetsi du Ortuzarrek, baina baita euskal erakundeekikoa izan duena ere. "Ez dakit nork pentsa dezakeen gauza hobetu daitezkeela euskal aurrekontuen kontrako helegitea iragartzen".

EAJk beste behin berretsi du ez duela Espainiako Gobernuarekin estaturako aurrekonturik negoziatuko 155. artikulua indarrean den artean. "155arekin ez dugu jokatuko". Ortuzarrek adierazi du "euskal autogobernua eta autogobernu kataluniarra ordezkari legitimoen eskuetan" egotea nahi duela".

Espainiako Justiziaren jokabidea ere gaitzetsi du Ortuzarrek. "Ez dugu nahi inor kartzelan egotea, ideia politikoak defendatzeagatik. Ez dugu nahi epaileek erbakitzea, herri borondatearen gainetik, nork gobernatu behar duen. Katalunian gertatzen ari dena oso larria da".

Egungo egoera politikoak "hausnarketa sakona" eskatzen duela ziurtatu du EEBko presidenteak, "ondoren, horren arabera jokatzeko". EAJk egungo autogobernu maila defendatzea ezarri du lehentasun. "Defenda dezagun gurea, orain arte lortutakoa, mehatxuen aurrean euskal autogobernuak iraun dezan. Hori izango da gure erronka".

ETAk Aberri Egunaren harira argitaratu duen adierazpena ere aipatu du Ortuzarrek. "Behin betiko pertsiana ixtera doan honetan, ona litzateke bere ibilbide tragikoa eta bere jardunaren bidegabekeria era argian onartzea". EAJko presidenteak gaineratu du ETAk "heriotzak, mina eta atsekabea" sortzeaz gain, "krisi morala" eragin zuela gizartean. Horrez gain, "Euskadiren eta euskal auziaren izena zikindu" zuela ziurtatu du.

Urkulluk, Europaro eskaria

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izan da EAJren ekitaldian hitza hartzen lehena. Urkulluk Europako Batasunari zuzendu dio mezua, eta galdeketa "legezko eta adostuei" bidea zabaltzeko "argitasun zuzentaraua" galdegin dio beste behin, estaturik gabeko nazioentzako.

Kataluniako auziari konponbidea emateko "elkarrizketa, negoziazioa eta akordioa" eskatu ditu lehendakariak. Horrez gain, Kataluniako autogobernua berreskuratu eta 155a indargabetuko duen gobernua eratzearen alde agertu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.