ERABAKITZEKO ESKUBIDEA

Ortuzarrek uste du estatus politikoaz erabaki aurretik krisitik irten beharra dagoela

Gizarteak, "bere etorkizuna erabakitzeko, moralki osasuntsu eta ekonomikoki libre" izan behar du, EAJko presidentearen arabera.

Andoni Ortuzar, ikurrina heltzen, Alderdi Egunean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
2014ko urriaren 16a
11:10
Entzun

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean egin ditu adierazpenok. Eskoziara begira, esan du gizarteak ez direla hausten "hitza ematen zaienean", baina ohartarazi du Euskadin "egin beharreko lanak" daudela "etorkizuna erabaki ahal izan baino lehen".

Bi zeregin aipatu ditu Ortuzarrek: "Indarkeria terroristaren 50 urteko ibilbidetik atera gara, eta zauriak oraindik ez dira itxi, eta gizarte batek etorkizuna erabakitzeko osasuntsu egon behar du". Bigarren zeregina ekonomikoa da; gizarteak "ekonomikoki ahalik eta libreen" izan behar duela uste du, "eta horrek krisialditik irtetea esan nahi du". Gaur egun "emantzipazio politikoa gaitasun ekonomikoan" oinarritu behar dela azaldu du.

Hori horrela, "Madrilera pultsu politiko bat aurkeztera joan aurretik, etxeko lan horiek" egiteko beharra azpimarratu du: "Hori da euskal bidea. Hau ez da presa kontua, edo kataluniarrei aurre hartzen diegun. Bakoitza, bere erritmora".

Kataluniaz galdetuta, Ortuzarrek adierazi du "urratsak" eginez joan direla: "Eta Euskadik pausoak emango ditu, presarik gabe baina etengabe, frustraziorik eta larritasunik sortu gabe, baizik eta gure identitate nazionala lortzeko inoiz baino gertuago gauden mezu positiboarekin".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.