Osakidetza

Osakidetza datorren astean hasiko da gripearen eta COVID-19aren aurkako txertoak jartzen

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gaurtik har dezakete ordua arrisku taldeetakoek eta 60 urtetik gorakoek. Estreinakoz, sei hilabete eta bost urte arteko haurrek ere hartu ahalko dute gripearen aurkako txertoa.

Osakidetzaren txertaketa kanpaina aurkeztu dute gaur Bilbon. IREKIA
Edurne Begiristain.
2023ko urriaren 2a
12:41
Entzun

Aurten ere, aldi berean emango ditu Osakidetzak COVID-19aren eta gripearen aurkako txertoak, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak prentsaurrekoan azaldu duenez. Osasun langileei lana «errazteko» eta «herritarren erosotasuna lortzeko» jarriko dituzte bi txertoak aldi berean. Nolanahi ere, bi txertoak hartzea ez da derrigorrezkoa, eta posible da gaitz horietako baten aurka soilik txertatzea. Epeei dagokienez, arrisku taldekoak izango dira txertoa hartzen lehenak; talde horren barruan hauek sartu ditu Osakidetzak: 60 urtetik gorako pertsonak, gaixo kronikoak, haurdun dauden emakumeak, osasun langileak eta immunoeskasia duten pertsonak. Talde horretan daudenek, gaurtik aurrera eska dezakete ordua –dela telefono bidez, dela webgunean ordua hartuta–, eta urriaren 9tik aurrera hartu ahalko dute txertoa. Aurtengo berritasunen artean aipatzekoa da arrisku taldeko gutxieneko adina 65 urtetik 60 urtera jaitsi dutela.

Osakidetzak joan den astean abiatu zuen txertaketa kanpaina adinekoen egoitzetan. Txertoa hartu nahi duten gainerako biztanleek urriaren 30etik aurrera eskatu ahal izango dute ordua, azaroaren 6tik aurrera txertatu ahal izateko. Aurten, gainera, lehen aldiz eskainiko zaie gripearen aurkako txertoa sei hilabete eta bost urte bitarteko haurrei –73.000 haur inguru dira–.

Guztira, Osakidetzak gripearen aurkako 864.720 dosi ditu, eta COVID-19aren aurkako beste 400.000. Bi txertoen osaera eguneratua dute, aldaera desberdinen aurkako babes handiagoa bermatzeko.

Hobe da prebenitzea sendatzea baino. Hartu txertoa leloa du aurtengo txertaketa kanpainak. Helburua da «pertsona ahulenen» osasuna zaintzea, eta, era berean, osasun kolektiboa babestea Osasun Publikoko zuzendari Itziar Larizgoitiak eta gripearen kanpainaren koordinatzaile Enrique Peirok azaldu dutenez. Sagarduik gaineratu du une bakoitzeko egoera epidemiologikoa edozein dela ere, herritarrei ahalik eta babes handiena eskaini behar zaiela, bereziki «pertsona ahulenei». Hala, gogorarazi du Euskadik 35 urte daramatzala gripearen aurkako txertaketa kanpaina egiten, eta, 2021az geroztik, baita COVID-19aren aurkakoa ere. Azpimarratu du txertoa dela oraindik prebentzio neurririk eraginkorrena gripeari zein COVID-19ari aurre egiteko.

Ipar Euskal Herrian, kanpaina lehenago
Gaur abiatu da Ipar Euskal Herrian COVID-19aren aurkako txertaketa kanpaina, hasieran iragarri baino bi aste lehenago. Frantziako Gobernuko osasun agintariek esana zuten urriaren 17an hasiko zutela txertaketa, baina, koronabirus kasuek azkenaldian gora egin dutenez, bi aste aurreratzea erabaki dute. Osasun agintariek 65 urtetik gorakoei gomendatu diete txertoa hartzea, bai eta bihotzeko edo arnas aparatuko arazoak dituzten edozein adinetako pertsonei, immunoeskasia dutenei eta haurdun dauden emakumeei ere. Halaber, indartze dosia hartzea gomendatu diete arrisku gehien duten pertsonekin bizi direnei edo haiekin maiz harremanetan daudenei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.