Onbidean da COVID-19aren bilakaera. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak gobernu bileraren osteko prentsaurrekoa adierazi duenez, gero eta gutxiago dira kutsatzeak eta ospitaleratzea behar duten gaixoak. Baikor mintzatu da sailburua: «Pandemiaren bilakaera positiboa da». Eta datuak hobetzearekin batera, Osakidetzan aurrez aurreko arta eta kirurgiak berreskuratzen ari dira. Sailburuaren arabera, lehen arretako aurrez aurreko arta «pixkanaka» berreskuratzen ari dira, eta kontsulten erdiak modu presentzialean egiten ari dira. Gero eta gehiago izatea jarria dute helburu gisa: «Pandemia aurreko datuetara iristea da helburua, %65era».
Aurrez aurreko arta ez ezik, kirurgia kopurua ere lehengoratzen ari da. Goizetako kirurgia guztiak egiten dituztela esan du, baita arratsaldeetan egin ohi zituztenen %80 ere. Oro har, herritarrei ematen dieten arreta ere hobetzen ari da. Lehenengoan hartzen dituzten deien kopuruaren berri eman du Sagarduik: duela hilabete telefono deien %60 hartzen zituzten lehenengoan; orain, berriz, %93.
Sagarduik esan duenez, pandemiaren bilakaerak ahalbidetu du Osakidetzaren arta lehengora itzultzen hastea: «Hau posible da pandemiaren bilakaera onari esker». Hainbat datu eman ditu joera ona berresteko: hiru astean %89 jaitsi dira kutsatzeak, ospitaleratzeak %52 murriztu dira eta %33 gutxiago dira ZIUetako arta behar duten eriak.
Halere, zuhurtzia eskatu du Sagarduik, eta, oraingoz, ez du iragarri babes neurriak arintzeko asmorik. Haren hitzetan, adituek gomendatu dute barnealdeetan maskararen derrigortasuna mantentzeko, eta, oraingoz, ikastetxeetako burbuilei eutsiko diete.