«Osakidetza zutik jartzeko neurriak» plazaratu ditu EH Bilduk

Koalizio subiranistako lehendakarigai Pello Otxandianok esan du «lehen arreta indartzeko konpromisoa» hartu duela EH Bilduk, eta «kontratazio eredua aldatu» egin behar dela Osakidetzan.

Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Pello Otxandiano EH Bilduko lehendakarigaia. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
xabier martin
2024ko martxoaren 20a
20:00
Entzun

Eusko Legebiltzarrean legealdi honetan gehien eztabaidatutako edukia izan da, eta, kanpainaurrean, alderdiak etengabe ari dira Osakidetzari buruzko mezuak ematen. EH Bilduk Osakidetza «zutik jartzeko bost neurri nagusi» gizarteratu ditu, haren lehendakarigai Pello Otxandianoren koalizioaren osasun gaietako eledun Rebeka Uberaren eta osasungintzako hainbat ordezkariren ahotik. Gasteizen egindako agerraldi batean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sistema hobetzeko koalizioaren proposamena aletu dute, «pertsonalaren kontratazioa» aldaketen lehen lerroan jarrita, eta lehen arretan azpimarra eginda.

«Lehen arreta indartzeko, aurrekontua kudeatzeko eta erabakiak hartzeko ahalmena izan behar dute, eta orain ez dute. Aurrekontua handitzeko konpromisoa hartzen dugu. Ratioak ezartzea eta plantilla %10 handitzea ere bada gure konpromisoa». Uberak azaldu du lehen arreta ESIen barruan dagoela, aurrekontu bereizirik gabe, eta horrek eragotzi egiten duela jakitea zenbat inbertitzen den, gaur egun arazo gehien ematen duen osasun sistemaren atalean; «ospitaleek irentsi dute lehen arreta».

Horrez gain, EH Bilduk uste du Osakidetzako kontratazio eredua aldatu behar dela. «Lanpostu egonkor, luze eta erakargarriak» eskaintzea proposatzen du. «Betetzeko zailak diren lanpostuen gainean pizgarriak ezartzeko konpromisoa hartzen dugu», dio EH Bilduk landutako agiriak.

Hori «funtsezkotzat» jotzen du koalizioak, «pazienteek euren erreferentziazko osasun profesionalen ekipoak» ezagutzeko, hau da, medikua, erizaina eta administraria. EH Bilduk dio ebidentzia zientifikoak esaten duela urteetan mediku bera izateak eragina duela hilkortasunean. «Egonkortasuna funtsezkoa da, era berean, gainerako eremuetan, profesionalak kalitatezko arreta bermatzeko».

LEP eredua aldatzea

LEP lan eskaintza publikoen eredua aldatzeko ekimena hartuko duela iragarri du koalizioak. «Lan eskaintza publikorako azterketa bakarra» egitea proposatzen du, eta horiek «azkarrago ebazteko neurriak hartzea». Orain, «zama bat» bilakatu dira «langileentzat, administrazioarentzat eta pazienteentzat», EH Bilduren arabera.

NEURRIAK

  1. Lehen arreta indartzeko konpromisoa, bere aurrekontua kudeatzeko eta erabakiak hartzeko ahalmena emanez.

  2. Osakidetzako kontratazio eredua aldatu egin behar da, lanpostu egonkor, luze eta erakargarriak eskainiz.

  3. LEPen eredua aldatzeko ekimena hartuko du EH Bilduk, azterketa bakarra egitea proposatuz.

  4. Osakidetzan parte hartzeko hainbat formula abian jarriko ditu, orain ez ei dagoelako herritarren ikuspegia txertatzeko biderik eta tresnarik.

  5. Maila komunitarioan lan egin: tokiko mugimenduak eta herritarrak, lehen arreta, udaleko zerbitzuak eta foru aldundiak elkarlanean aritzea.

Beste neurrietako bat parte hartzean sartzen da bete-betean. Osakidetzan parte hartzeko «hainbat formula» abian jarri nahi ditu koalizioak. «Une honetan ez dago herritarren ikuspegia txertatzeko biderik eta tresnarik. Herritarren eta pazienteen ikuspegia txertatzeak asko lagunduko luke arretaren kalitatea hobetzen».

Beste neurri nagusi bat ere helarazi du EH Bilduk, betiere Osakidetzaren zerbitzua hobetzeko: «Maila komunitarioan lan egitea». Tokiko mugimenduak eta herritarrak, lehen arreta, udal zerbitzuak eta foru aldundiak «elkarlanean» aritzea proposatzen du koalizioak. «Ingurune eta herritar zaurgarriak lehenetsiko ditugu».

Osakidetzaren erronka nagusiak

EH Bilduk Osakidetzaren egungo erronka nagusiak zerrendatu ditu, eta horien artean azaltzen dira, besteak beste, «herritarrak erdigunean» jartzea; «garaiz eta denboran» lehen arretarako, espezialitateetarako eta gainerako tratamenduetarako —kirurgiak barne— «sarbidea ziurtatzea»; eta itxarote zerrendak murriztea. Itxaron zerrenda bakarra egotea nahi du EH Bilduk, «B zerrendak kenduta».

Horrez gain, «pertsonal politika eraldatzea» eta lehen arretak dagokion funtzioa betetzeko «politikak indarrean jartzea» erronken artean kokatu ditu koalizioak, baita osasun publikoak «Osakidetzaren ahizpa txikia izateari uztea» ere.

Erronka gehiago zerrendatu ditu EH Bilduk: kasurako, buru osasunari bitarteko gehiago ematea ESIetan integratuz; eta ziurtatzea Osakidetzako ESIetan «antzeko baliabideak eta arreta berdintsu eta ekitatiboa» izango dela. Koalizioak argitu du ESI guztietan eduki ezin diren espezialitate eta errekurtsoak «ordenatuko» dituela. «Pribatizazioari amaiera ematea», eta pribatizatu diren zerbitzuen publifikazioari ekitea ere proposatu du EH Bilduk. Horrekin lotua, Uberak agindu du «auditoria bat» egingo dutela kontratuak aztertzeko.

Pello Otxandianoren hitzetan, diagnostikoak «zehatza, zintzoa eta argia» izan behar du: «Herritarrei hori zor diegu». Haren hitzetan, ez da egia Osakidetzaren gainbehera pandemiak eragindakoa denik; aitzitik, kudeaketa oker baten, planifikazio falta baten eta pertsonal politika oker baten ondorioa da. «Erantzukizun politikoak daude, eta asumitu behar dira», azpimarratu du, eta nabarmendu Osakidetzak «azken urteetan galdu duen dimentsioa berreskuratzea» dela EH Bilduren xede nagusia: «Erregenerazio bat behar da Osakidetzan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.