Osakidetzak 1.171 ohe itxi nahi ditu udan

ELAk salatu du «kalitatearen kontura» egingo dituztela moldaketak, bost erietxe nagusietan.Osakidetzak dio opor sasoian ohikoa dela kopurua murriztea, «eskaria txikiagoa baita»

Oihan Vitoria.
2014ko ekainaren 25a
00:00
Entzun
Murrizketak eta murrizketa hotsak. Besterik ez da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako osasun sistema publikoan. Mobilizazioei ekingo diete bihar langileek, «gutxienekoetan» ari direla salatzeko. Beharrizan orori erantzuteko ezintasunak dituzte, eta egoera «pairaezina» bihurtzen ari dela diote. Larrialdi zerbitzuetako kolapsoak ere gero eta usuago ari dira gertatzen. Hori gutxi balitz, ohartarazpena egin zuen atzo ELAk: Osakidetzak bost ospitale nagusietako 1.171 ohe erabilezin laga gura ditu uda garaian. Sindikatuak salatu du «udako lanpostu eta zerbitzuaren kalitatearen kontura» egin nahi dituela Osakidetzak moldaketa horiek: «Neurriok beharginak eta gizartea interpelatzen gaituzte. Horregatik, sindikatuok antolatu ditugun protestetan parte hartzeko deia egiten dugu».

Osakidetzak, ordea, ez du hain makur ikusten egoera. Ohar baten bitartez erantzun du opor sasoian «ohikoa» dela ohe kopurua gutxitzea. «Urteroko kontua da. Munduko osasun sistema guztietan egiten da, eskaria txikiagoa delako». Osakidetzak iritzi dio «alarma soziala» eragiteko ahaleginetan ari direla sindikatuak. Horren harira, baliabide publikoak «zentzuz eta erantzukizunez» erabiltzen segitzeko konpromisoa berretsi du. «Ez ditugu baliabideak xahutuko herritarrek eskatzen ez digutenean eta nahitaezkoak ez direnean», adierazi du.

Ordezkapenetan aurreztea

Sare osoan duen oheen %20 itxiko du Osakidetzak, ELA sindikatuaren arabera. Oheak ixteko erabakia murrizketa politikaren erakusle dela deritzo ELAk: «Beharginen ordezkapenetan aurreztea du xede». Horren eraginez, urte osoan izandako «lan erritmoari» eustea ezinezkotzat jo du sindikatuak. Kezka du, horrek ekar ditzakeen ondorioengatik: «Itxarote zerrendak luzatu egingo dira,ebakuntzak atzeratu, eta ezinezkoa izango da larrialdietako eriak bizkor artatu ahal izatea». Eusko Jaurlaritzarekin ere kritiko agertu dira ELAko kideak, uste dutelako haren mozketek Osakidetzaren zerbitzua «jomugan» jarri dutela. Hori dela eta, «huts egiteko» tarterik ez dagoela salatu dute.

Kexu dira beharginen ordezkariak. Baina ez bakarrik udan 1.171 ohe ixteagatik. Kolapsoagatik ere agertua dute «ezinegona»: eri batzuk ohean korridoreetan, eta dozenaka gaixo zain, noiz artatuko. Hori ere maiz gertatzen ari da azken boladan Osakidetzako larrialdi zerbitzuetan; Gurutzetako erietxean (Barakaldo, Bizkaia) eta Basurtukoan, batez ere. Azken astean, alabaina, Gasteizko Txagorritxu erietxean ere salatu dituzte antzeko kasuak. SATSE erizainen sindikatuak egin zuen ohartarazpena hilabete hasieran: 128 eri korridoreetan artatu behar izan zituztela maiatzean, beharginak lanez «gainezka» zeudelakoan. SATSEren salaketa faltsutzat jo zuen Osakidetzak.

Manifestazioa, bihar Bilbon

Egoera hori dela eta, berehalako «irtenbide bat» galdegin dute Osakidetzan ordezkaritza duten sindikatu gehienek. Eta protesten bidea hartuko dute bihar.

18:00etan hasita, Bilboko kaleetan egingo dute mozketen kontrako «lehenbiziko mobilizazio handia». ELAk, LABek, SATSEk, SMEk, ESK-k, CCOOk eta UGTk deitu dute manifestaziora; beharginen ordezkaritzaren %93 dute. Aldarrikapenak mahai sektorialean eztabaidatzea nahi dute. Iragarri dute, orobat, baldintzak hobetzeko akordiorik erdietsi ezean azarora arte luza dezaketela mobilizazioen egutegia: protesta, lanuzte eta grebak prestatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.