Osakidetzak akordiorako deia egin arren, lehengoan diraute protestetarako deiek

Mahai sektorialaren bilerak data du: hilaren 20a.Hilaren 23ko eta 24ko greben aurretik akordioa lortzeko, «borondatea» eskatu dute langileek

Langileak protestan, atzo, Gurutzetako erietxearen atarian. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2015eko apirilaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bi aldeek erakutsi nahi izan dute elkarrizketarako borondatea. Hitzez. Protestarako aurkezturiko mobilizazio deiekin lehengoan diraute, ordea, Osakidetzako sindikatuek, eta atzo, esaterako, elkarretaratzeak egin zituzten. «Eskua luzatua» dutela azaldu zuten, eta «benetako borondatea bada» ondo «bidera» daitekeela gatazka. Osakidetzak, halaber, akordioak lortzeko borondatea azaldu du, eta hilaren 20rako deitu du mahai sektorialaren hurrengo bilera; hain justu, sindikatuek hilaren 23 eta 24rako deitutako greba egunen atari-atarian.Baina mobilizaziorik ez izateko, orain arte egin gabeko mugimendu eta proposamenak ikusi beharko dira lehenbailehen. Eta ez du itxurarik. Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko agintariek maiz azaldu dute azkenaldian motiborik ez dutela langileek protestarako, eta atzo berritu egin zuten mezu hori bera. Ohar baten bidez zuzendaritzak gogorarazi zuen Osakidetzako langileen lan baldintzak «gainerako autonomia erkideetako langileenak baino hobeak» direla, eta, beraz, ez dutela bide egokia hautatu.

Aldiz, langileen ustez —alorreko sindikatu guztiak bat eginda daude gatazkan—, zer hobetu franko dago. Igaro urteotan «milaka lanpostu galdu» direla diote, eta murrizketen ondorioz nabarmen kaskartu direla beharginen lan baldintzak. Hor eragin nahi dute. Lan Eskaintza Publiko bat egin berri du, esaterako, Osakidetzak, eta oso murritza iruditzen zaie. Mila lanpostu berri hartuko ditu aintzat, eta, sindikatuen arabera, 5.000 lanpostu inguru daude betetzeko. Hor ikusten dute desoreka. Bermeak nahi dituzte behin-behinean ari diren langileen alde, eta ordezkapenak ziurtatzeko; azken urte hauetan urritu egin direla salatu dute sarri, eta horren ondorioz, langile asko lan egin ezinik geratzeaz gain, osasun zerbitzuaren kalitateak nabarmen egin duela behera.

Kalitatezkoa

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu, berriz, Hondarribian (Gipuzkoa) izan zen, Bidasoa Ospitaleko larrialdi zerbitzuan berritu duten atal bat bisitatzen. Osasun zerbitzu publikoaren ikuspegi ona eman zuen hark: «etengabeko hobekuntzan» oinarritutako lan sistema duela esan zuen, eta eutsi egingo diola izan duen kalitateari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.