Luzatzen ari da egunotan, COVID-19 kasuen igoerarekin kezkatuta, osasun agintariek baheketak egiteko hautatu dituzten herrien zerrenda. Bihar eta etzi Lazkaon (Gipuzkoa) egingo du baheketa bat Osakidetzak; 15-59 urte arteko herritarrak deitu ditu testak egitera. Arratsaldez izango dute aukera, herriko kiroldegian. Aurrez telefonoz hots egin beharko dute herriko osasun zentrora, eta han esango diete noiz joan behar duten probak egitera. PCR testak egingo dizkietela jakinarazi du Osakidetzak.
Lazkaon azken hamalau egunetan 100.000 biztanleko 1.349 kasu izan dira, eta atzemandako positiboak denera 76 izan dira. Osakidetzako arduradunek adierazi dute horrek bultzatu dituela baheketa antolatzera.
Osakidetzak berriki Ataunen (Gipuzkoa) eta Elorrion (Bizkaia) ere egin ditu baheketak. Aste honen hasieran Nafarroako Gobernuak iragarri du, halaber, baheketak eginen dituela Milagron, Acedon eta Mendazan.
Osasun agintarien partetik, kezka agerikoa da. Atzo bertan Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak ohartarazi zuen bilakaera epidemiologikoa «hazkunde fasean» dagoela, eta aurreikusi zuen datozen egunetan intzidentzia tasak «igoera moderatua» izango duela. Horiek horrela, baheketetan parte hartzea garrantzitsua dela oroitarazi dute sarri askotan osasun agintariek.