Osakidetzak, dokumentazioa aurkezteko leihatiletako ordutegiak luzatu, eta prozesua erraztu du

Osakidetzak jakinarazi du 2018/19ko oposizioetako emaitzak argitaratu dituela

Dokumentazioa aurkezteko ilara Donostia ospitalean. JON URBE / FOKU
Sara Iriarte Lasa
2023ko abuztuaren 4a
12:23
Entzun

Osakidetzak, ospitale batzuetako leihatila ordutegiak luzatu, eta dokumentazioa entregatzeko modua sinplifikatu du, oposizioetarako aurkeztu behar dutenentzat. Horrela, luzatu egin ditu Arabako, Basurtuko (Bizkaia), Ezkerraldea-Enkarterri-Gurutzetako (Bizkaia) eta Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuetako ospitaleetan dokumentazioa entregatzeko ordutegiak. Izena eman dutenek dokumentazioa aurkezteko aukera izango dute abuztuaren 7tik aurrera, 08:00etatik 17:00etara, euskal osasun zerbitzuak ohar baten bidez jakinarazi duenez.

Horretaz gain, Osakidetzak gogorarazi du hautagaiek erregistro orokorretan ere aurkez dezaketela dokumentazioa, hala nola Correosen bulegoetan eta beste administrazio publiko batzuetan.

Gainera, tramiteak egiteko modua erraztu dute. Hemendik aurrera, dagokion formularioa erregistratu ondoren, hainbat kategoriatarako dokumentazioa duenak behin bakarrik aurkeztuko du bere dokumentazioa. Tramite hori sistema baten bidez egingo da. Horrela, dokumentazioa behin aurkeztuta, hautagaiak hainbat kategoriatako azterketak egin ahal izango ditu.

Gainerako dokumentazioa aurretik baliozkotuta eduki eta nortasun agiriaren kopia soilik aurkeztu behar dutenei dagokienez, Osakidetzak zuzenketa mekanismoa erabiltzea erabaki du. Ondorioz, hautagaiek ez dute nahitaez aurkeztu beharko dokumentu hori. Horrela, Osakidetza arduratuko da oposizioak egiteko izena eman dutenei nortasun agiria aurkezteko eskatzeaz, dokumentazio hori egiaztatu behar bada.

2018/19ko LEPen emaitzak

Osakidetzak jakinarazi du dagoeneko argitaratu dituela 2018/19ko Lan Eskaintza Publikoko 41 lanbide kategorien emaitzak. Horretaz gain, gehitu du hurrengo hilabeteetan jakinaraziko dituela azken LEPan eskainitako plazen deialdietako behin-behineko emaitza guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.