Osakidetzak ezingo ditu jaso Janssen txertoak

Gaur 6.850 dosi jasotzekoa zen, baina Europako Batasunak txertoen banaketa bertan behera utzi izanak ekarri du aldaketa

arantxa iraola
2021eko apirilaren 13a
15:39
Entzun

Osakidetzak gaur jaso behar zituen Janssen txertoaren lehen 6.850 dosiak, eta 70-79 arteko pertsonei jartzea zen asmoa, baina, oraingoz, ez dute txerto hori banatuko EB Europako Batasunean, eta Espainiako Osasun Ministerioak ere esan dio Osakidetzari txertoak jasotzeko plana bertan behera geratuko dela.

Albisteak sorburua AEBetan izan zuen, atzo. CDC erakundeak eta botiken gaineko kontrola daraman FDAk eskatu dute txerto hori ez jartzeko. Adierazi zuten txertoa jarri ostean odolbilduak izan dituzten sei pertsonaren berri izan zutela, kasu «arraro eta larriak» izan direla guztiak, eta geraldi bat egitea komeni dela horregatik. Dagoeneko zazpi milioi pertsonari jarri diete txerto hori AEBetan. Zabaldu den informazioaren arabera, odolbildu kasu «arraro» guztiak andrazkoetan atzeman dituzte; 18 eta 48 urte artean dituzte, eta bat hil egin da.

FDAk adierazi du «segurtasunak» izan behar duela txertatzearen ardatzetako bat eta AEBetako Gobernuak oso serio hartzen dituela txertoa hartu ostean agertzen diren osasun arazoen gaineko ohartarazpenak. Aditzera eman dutenez, odolbilduen gaineko abisurik ez da agertzen txertoak eragin ditzakeen arriskuei buruzko argibideetan, eta azterketa sakon bat egitea komeni da.

Johnson & Johnson konpainiaren txertoa da Janssen, eta ezaugarri nabarmenenetariko bat du txertoaren dosi bakar bat aski dela immunizazioa lortzeko. Adituek diote txertatze prozesuak bizkortze aldera erabakigarria izan daitekeela.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.