Osakidetzak Gasteizko larrialdietan eginiko murrizketak salatu dituzte

ESK sindikatuak deituta, larrialdietako erizainek egunero egingo dute protesta Txagorritxun

Atzo goizean egin zuten lehen protesta erizainek, Txagorritxun. M. UTRERA PUELLES.
Maixa Utrera Puelles.
Gasteiz
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Arabako ESI erakunde sanitario integratuko erizainak Arabako Unibertsitate Ospitalearen sarreran bildu ziren atzo goizean, ESK sindikatuak deituta, Osakidetzak gaueko ebakuntza zerbitzuan egingo duen «langile murrizketa» salatzeko. Gaueko larrialdietako ebakuntza geletan erizain taldeak bitik batera jaitsiko dituzte, eta horrek piztu du langileen haserrea eta kezka.

Gasteizko Txagorritxu eta Santiago ospitaleetako larrialdi zerbitzuak bateratu direlako egingo du «murrizketa» hori Osakidetzako zuzendaritzak, baina, erizain batek azaldu duenez —ez du izena eman nahi izan—, langileen lan baldintzak aldatzeko «aprobetxatu» dute bat egitea: «Osakidetzak ez du gure iritzia jaso, ez egutegiak egiteko, ez lan egiteko modua zehazteko». Erabakiak «bere kasa» hartu izana leporatu diote ESK sindikatuak eta langileek, hain zuzen.

Langileen kezka nagusia da aldaketek zer eragin izango duten herritarrengan eta osasun arretan. Alde batetik, adierazi dute Arabako biztanleei ez zaiela «estaldura nahikoa» emango. Izan ere, Gasteizen eta Araban lan egiteaz gain, gertuko eskualdeetara ere —Miranda (Espainia), Debagoiena edo Logroño (Espainia)— joaten dira erizain asko, baina murrizketen ondorioz ezinean ibiliko direla uste dute. «Pazienteen segurtasunaren» inguruan ere ohartarazi dute erizainek: «Larrialdizko ebakuntza gehienak hil ala bizikoak dira, eta, langile gutxiago izanda, horrek ardura handia jartzen du gure gain; estres handia eragiten digu».

Aldaketak azarotik aurrera egingo dira, baina erizainek espero dute «arazoa hura iritsi baino lehen» konpontzea. Horretarako, egunero bilduko dira Txagorritxuko ate nagusian, goizean eta eguerdian, Osakidetzak hartutako erabakia indargabetu arte. Ospitaleko gainerako langileak haiekin bat egitera deitu dituzte.

Anbulantzien auzia

Bestalde, EH Bilduk mozio bat erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, anbulantzia zerbitzu guztiak publifikatzea eskatzeko. Koalizioko kide Rebeka Uberaren ustez, «funtsezkoa» da orain pribatizatuta dagoen zerbitzu hori publiko bilakatzea: «Ez da normala bizi euskarrirako ekipamendua duten anbulantziak pribatizatuta egotea. Ez da normala, eta ez da eraginkorra, agerikoak baitira gabeziak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.