OSASUNGINTZA

Osakidetzak suizidio saioen erregistro bat sortuko du, prebentzioa indartzeko

Osakidetzako zuzendari Rosa Perezek azaldu du COVID-19ak kutsatutako pazienteak ebaluatzen dituztela, albo ondorioak edo sintoma iraunkorrak detektatzeko

Osakidetzako plan estrategikoaren aurkezpena, iragan apirilean. JOSU TXABARRI
Ion Orzaiz.
2023ko ekainaren 19a
16:43
Entzun

Suizidioaren prebentzioa indartu nahi du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, eta 2030. urterako Pazientearen Segurtasunerako Estrategiaren barruan sartuko du. Osakidetzak ezarri nahi dituen neurrietako bat da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gertatzen diren suizidio saioen erregistro bat sortzea. Osakidetzako zuzendari Rosa Perezek eta Pazientearen Osasuneko eta Segurtasuneko programen koordinatzaile Enrique Peirok eman dute estrategia horren berri, Eusko Legebiltzarrean eginiko agerraldian.

Perezen esanetan, suizidioen %30 inguru «prebenitu egin daitezke», baina, horretarako, ezinbestekoa da saialdien erregistro bat sortzea. Jokabide suiziden zaintza epidemiologiko zerbitzu bat sortzea; alde batetik, «fenomeno honen ezaugarriak azkar eta xehe ezagutu ahal izateko», eta, bestetik, «horren kontrako ekintzen eraginkortasuna neurtzeko».

Erregistroaz gain, Osakidetzako zuzendariak aipatutako lehentasunen artean daude suizidioari buruzko formakuntza espezializatua; arrisku suizidaren kode bat sortzea zaintzak koordinatzeko; zaintzaren plan bat aplikatzea; eta suizidio arriskuaren ebaluazioa aintzat hartzea, arrisku bereziko taldeen edo patologien kasuetan.

Peirok eta Perezek gaineratu dute Pazienteen Segurtasunerako Estrategiaren helburua dela «herritarrei ahalik eta segurtasun handiena eskaintzea osasun arretari dagokionez». Osakidetzako zuzendariak nabarmendu du pazienteen segurtasuna «lehentasuna» izan dela orain arte, eta hala izanen dela aurrerantzean ere: «Hau iraupen lasterketa bat da, eta, ondorioz, ahalegina eskatzen digu etengabeko hobekuntzan eta sentsibilizazio iraunkorrean».

Suizidioaren prebentzioarekin batera, larrialdi zerbitzuak ere sartuko dituzte estrategia horretan lehen aldiz. Horiez gainera, orain arteko ekintza lerroei ere eutsiko diete: besteak beste, haurdunaldi, erditze eta puerperio prozesuetako segurtasuna; kirurgia segurua; gorabeheren jakinarazpena; pazienteen identifikazio argia; babes erradiologikoa; segurtasun transfusionala; sendagaien erabilera segurua edota osasun arretarekin zerikusia duten infekzioen prebentzioa eta kontrola.

COVID-19 pazienteei jarraipena

Estrategia berriaren aurkezpena egiteaz gain, Osakidetzako zuzendariak bere agerraldia baliatu du azaltzeko COVID-19ak kutsatutako pazienteak ebaluatzeko kontsultak egiten dituztela, «gaitzaren ondorioak edo sintoma iraunkorrak dituzten egiaztatzeko». EH Bilduk eskatu zuen Perezen agerraldia. Zuzendariak zehaztu du paziente horiei kontsultak egin izan dizkietela Barne Medikuntzan, Arnasbideetako Gaitzen atalean, Neurologian, Erizaintzan eta Lehen Arretan.

Horrez gain, formakuntza ikastaroak eskaini dizkiete osasun langileei, eta praktika klinikoko gidak ondu dituzte. Ikerketari dagokionez, Perezek esan du zortzi proiektu dituztela zabalik une honetan, COVID-19a «hobeki ezagutzeko»: besteak beste, pazienteen metabolismoari edo gaitzaren eboluzioari buruzkoak aipatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.