Osakidetzako lan baldintza berberak eskatu dituzte bioinstitutuetako ikertzaileek

Biogipuzkoako langileek lanuztea eta manifestazioa egin dituzte gaur, Donostian. Eusko Jaurlaritzari berriro ere eskatu diote Zientziaren Legeak onartzen dizkien eskubideak aplikatzeko; 2022tik dago indarrean lege hori.

Biogipuzkoako langileek iazko abenduan eginiko protestaren irudia, Donostia ospitalean. BERRIA
Biogipuzkoako langileek iazko abenduan eginiko protestaren irudia, Donostia ospitalean. BERRIA
kristina martin
2025eko apirilaren 30a
14:17
Entzun 00:00:0000:00:00

Biogipuzkoako langileek bi orduko lanuztea eta manifestazioa egin dituzte gaur, Donostian, ELA sindikatuak deituta. Osasun arloko ikertzaileak izanik, Osakidetzako langileen lan baldintza berberak izatea galdegin dute. Eskubide hori Zientziaren Legeak jasotzen du, Espainian 2022an onartutakoak, baina Eusko Jaurlaritzak ez du oraindik eskubide hori bete.

Biogipuzkoan bezala, osasun arloko ikerketan ere aritzen dira Biobizkaian, Bioaraban eta Biosistemako Ikerketa Institutuan. Legearen arabera, langile horiei ere aplikatu beharko litzaizkieke Osakidetzakoen lan baldintzak. ELAk gogorarazi duenez, bioinstitutuetako 550 langileri eragiten die lege horrek.

Hartara, ez da legea betearaztea eskatzen duten lehenengo aldia. Joan zen urtarrilean, lau bioinstitutuetako langileek protesta egin zuten Gurutzetako ospitalean (Bizkaia). Iazko abenduan, ostera, Biogipuzkoako langileek beste kontzentrazio bat egin zuten, gaur bezala, Donostia ospitalearen aurrealdean. Aldarrikapen berberak zituzten orduan.

Espainiako Zientziaren Legea (Irailaren 5eko 17/2022 legea) indarrean sartu zenetik, bi urte pasatxo igaro dira, baina, salatu dutenez, Eusko Jaurlaritzak ez du hori aplikatzeko urratsik egin. Langileen arabera, behin baino gehiagotan aurkeztu dizkiete proposamenak zuzendaritzei. «Baina haien nagikeria dela edo erabakiak hartzeko ezintasuna dela, negoziazioak bertan behera uztera behartu gaituzte, eta auzitara jo behar izan dugu», adierazi dute ohar batean. Horregatik, lanuztea eta kontzentrazioa egin dituzte Donostia ospitalearen aurrean, eta gero manifestazioan joan dira Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren ordezkaritzara.

Diru publikoa, iturri bakarra

Biogipuzkoako langileek gogorarazi dutenez, «ikerkuntza arloak ez du diru sarrerarik jasotzen zuzenean merkatutik». Arlo pribatuaren interes falta are nabarmenagoa da osasun publikoari lotutako ikerketei dagokienez. Hortaz, ohartarazi dutenez, «ezinbestekoa da diru sarrera publiko nahikoa izatea eta, horrela, osasun sistema sendo eta berriztatzaile bat bermatzea».

Ikertzaileen esanetan, diru sarrera horiek ez dira nahikoa. Azpiegituretan, ikerketa proiektuetan eta tresnerian egiten diren inbertsioak urriak dira, eta sistemak funtzionatu ahal izateko ezinbestekoak dira «lanean gogor eta ilusioz diharduten langileak». Eta haien lan baldintza duinak ere bermatu behar direla nabarmendu dute: «Historikoki lan sektore prekarizatua izan da; poliki-poliki baldintza hobeak lortzen ari gara, baina oraindik lan hitzarmenik gabe gaude, eta lanpostuak ezegonkorrak dira».

Hori dela eta, legeak onartzen dizkien eskubideak aldarrikatzeko protestak egiten ari dira azken hilabeteotan. Soldatak parekatzeko ez ezik, garapen profesionala bermatuko dieten neurriak hartzeko eskatu dute, inbertsioak areagotzeko, eta ikerketarako bekak eguneratzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.