Azken orduetan Osakidetzaren oposizioen inguruan zabaldutako eztabaidari erantzuteko, prentsaren aurrera agertu dira arratsaldean Jon Darpon Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua eta Maria Jesus Mujika Osakidetzako burua, eta defendatu dute oposizioak "garbiak" izan direla. Lan eskaintza publikoaren prozesuak, beraz, bere horretan aurrera jarraituko duela baieztatu du Darponek: gelditzen diren azterketak normaltasun osoz egingo direla. "Oposiziogileek eta epaimahiak osatzen dituzten Osakidetzako langileek errespetu eta babes guztia merezi dute, eta ez dute oposaketa prozesua arrazoi objetiborik gabe gelditzea merezi", gaineratu du.
Goizean ohar bidez jakinarazi dutenez, agerraldian ere argi utzi nahi izan dute Osakidetzak ez duela salaketarik jaso: noten inguruko erreklamazioak besterik ez. Osasun Sailari, Osakidetzari eta Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeari ere gertakariak lehenbailen argitzea komeni zaienez, proba guztietako emaitzen azterketa zehatza egiteko eskatu du Osakidetzaren Administrazio Kontseiluak. Era berean, Elkarrekin Podemosi, EH Bilduri eta PPri arduraz jokatzeko eskatu die sailburuak, eta "datu, izen-abizen eta froga zehatzekin" salaketa jartzeko deia egin die.
Emaitza "arraroak"
Osakidetzako oposizioetan irregulartasunak izan direla iradokiz, gutun bat bidali zuen Donostiako ospitaleko mediku batek joan den astean. Emaitza “arraroak” zeudela adierazi zuen. Batetik, adierazi zuen azterketako lehen ariketa zaila zela oso —“neuk ez nuen gaindituko"—, eta, bestetik, jasotako notetan sekulako aldea zegoela: oso nota onak direla batzuk, eta besteak zeroren bueltan zebiltzala. Areago, susmo zehatz bat agertu zuen: 31 lagun joan zirela azterketa egitera, bostek gainditu zutela, eta lau Basurtuko ospitalekoak direla. “Gainerakoek baino dozenaka puntu gehiago dituzte”.
Gisa bereko salaketa gehiago ere izan dira. Medikuen sindikatuak, adibidez, espezialitatez espezialitate aztertu ditu orain arteko emaitzak, eta kasu batzuetan alde handiak daudela ikusi du: proba gainditu dutenek oso nota altua dutela, 90-100 puntu, eta hurrengo talde nagusia behe-behean dagoela, 0 puntutik ere gertu. Filtrazioak izan diren susmoa agertu du.
Salaketa egin duen batek, oposaketa egin aurretik notaritza batean jaso zuen zein izango zen emaitza; akta horren irudi bat da irudian irakur daitekeen.
Osakidetzak jakinarazi du espediente bat hasi duela Angiologia eta Hodietako Kirurgiako azterketari buruz —medikuak egindako salaketa arlo horri buruzkoa da—. ELA eta LAB sindikatuek ere salatu dute azterketa prozesua. Ordea, Osakidetzatik adierazi dute ez dela inolako salaketarik jarri ustezko irregulartasunen inguruan, eta ez direla akusazioen inguruko fropgak ere aurkeztu. Ohar batean zehaztu dute orain arteko azterketetan parte hartu dute 10.000 pertsonetatik, 51ek aurkeztu dituzte erreklamazioak, eta gehienak galderen ingurukoak izan dira. Horiek hala, azterketekin "normaltasunez" jarraitzeko asmoa berretsi dute arduradunek.
Eusko Legebiltzarrera iritsi da gaia orain. Elkarrekin Podemosek salaketa zehatza egin du: notario aurrean sinatutako agiri batzuk erakutsi ditu, maiatzaren 11koak. Kiniela gisako bat egin zuten notario aurrean: idatzi zuten nork gaindituko zuen azterketa eta zenbagarren geldituko zen. Denak asmatu dituzte. Anestesiologiako espezialitatekoak dira. "Entxufismoa" izan dela salatu du koalizioak, "intentsitate baxuko ustelkeria" dagoela hor. EH Bilduk eta PPk ere salatu dute egoera, eta Osakidetzaren agerraldiak eskatu dituzte parlamentuan.