Osakidetzako zuzendari nagusi kargua utzi du Maria Jesus Mujikak

Oposizioen harira, kritika askoren iturri izan da Mujika; Jose Luis Diego izendatu dute zuzendari

Mujika, Eusko Legebiltzarrean azalpenak ematen, artxiboko irudi batean. FOKU.
arantxa iraola
2018ko azaroaren 16a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
«Ezohiko» bilera bat egin zuen atzo Osakidetzako administrazio kontseiluak, eta harrabotsa zabaldu zuen berri bat jakinarazi zuen: erakundeko zuzendari nagusi Maria Jesus Mujikak aurkeztutako dimisioa onetsi zuten. Ordezkoa ere hautatu zuten: Juan Luis Diego Casals. «Osakidetzako administrazio kontseiluak eskertu egin nahi izan du Maria Jesus Mujikak azken bi urteotan egin duen lana, eta nabarmendu Osakidetzarekiko erakutsi duen erantzukizuna eta konpromiso leiala». Esker oneko hitzak zabaldu zituzten, baina dimisioaren oinarrian dago hilabeteotan Osakidetzaren irudia ilundu duen albistearen itzala: oposizioetan salatutako irregulartasunena.

Ekainaren 4an piztu zen polemika. Elkarrekin Podemosek eta ESK sindikatuak notario aurrean erregistratutako «kiniela» bat erakutsi zuten: azterketa aurretik egin zuten agiria, maiatzaren 11n, eta iragarri zuten anestesiologiako proba zein hiru lagunek gaindituko zuten. Eta asmatu egin zuten. Filtrazioak iradoki zitzaketen datu gehiago ere irten ziren argitara; noten arteko alde handiak, tartean. Ordutik, auzi horren gaineko azalpenak ematea maiz egokitu zaio Mujikari.

Ekainaren 6an bertan iragarri zuen hiru espezialitatetako probak behin-behinean geldiaraziko zituztela. Adierazi zuen etsaminak Oviedoko Unibertsitateko (Asturias, Espainia) aditu bati bidali zizkiotela, berrikusteko. Uztailean, «zuzenketetan akatsak» atzeman zituztela argudiatu zuten, eta iragarri urte amaieran berriro egingo dituztela hiru espezialitatetako probak: Kardiologia, Anestesia eta Angiologia. Oposizioei buruzko kexuak ez ziren hor geratu, ordea. «Hautaketa sistema ustel oso bat» dagoela salatu dute ordutik hainbat eragilek, eta zuztarreko aldaketak eskatu.

Ikerketak

Hainbat protestaren ostean, irailean berriro eman zituen azalpenak Mujikak: esan zuenez, zortzi diziplina ikertu zituzten guztira, eta lautan ikusi zituzten «akatsak». Halere, ezin izan zuten frogatu «filtraziorik» egon zenik: «Gaur-gaurkoz ez dago ardura indibidualik egotz dezakeen frogarik». Sindikatuek «ulertezintzat» jo zituzten zuzendariaren azalpenak. Kritika gehiago ere izan dira ordutik. Urrian, Osakidetzako buruek Eusko Legebiltzarrean esan zuten Fiskaltzara eramango zutela zortzi espezialitateri buruz zuten informazioa, eta auzia hor amaitzea nahi zutela. Oposizioak gogor kritikatu zuen administrazioaren jarrera.

Aste honetan bertan ere parlamentuan izan dira Mujika bera eta Jon Darpon Osasun sailburua; iragarri dute aldaketak egingo dituztela oposizioak egiteko eran. Ez da aski izan oposizioarentzat. Asteartean bertan, PPk zuzendari nagusiaren dimisioa eskatu zuen mozio batean; EH Bilduk ohartarazi zuen gertatutakoaren erantzule norbaitek egin behar zuela; Elkarrekin Podemosek Darponen dimisioa eskatu zuen. Jaurlaritzak, asteartean, sendotasun mezua eman zuen: Josu Erkoreka eledunak adierazi zuen «erantzun serioa» eman dutela lan eskaintza publikoaren inguruan, ez zegoela ziorik inork dimititzeko.

Eta dimisio honekin ere, ezin irregulartasunen itzala uxatu. «Makillajea besterik ez da», deitoratu zuen atzo arratsaldean EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak. «Kontua ez da aurpegi bat beste batek ordezkatzea: Osasun Saileko politikak eta Osakidetzan nagusi den eredua aldatu behar da». Elkarrekin Podemosek ere ez du askitzat jo, eta Darponen dimisioa eskatu du: «Hura da arduradun politiko nagusia».

PP, berriz, bai, konforme geratu da Mujikaren dimisioarekin. Laura Garrido legebiltzarkideak adierazi du egoera «jasanezina» zela, eta espero duela aldaketarekin beste «norabide» bat lortzea Osakidetzan. PPren adostasunak izango ditu ondorioak legebiltzarrean: «erantzukizun politikoak» hartzeko mozioa erretiratu egingo du. Areago, EH Bilduk mahai gainean jarritako ikerketa batzordea ezin izango litzateke martxan jarri PPren babesik gabe.

Hori salatu du ESK-k, hain justu: ikerketa «geldiarazteko» dimititu duela Mujikak. Antzera hitz egin du ELAk: Darpon «babesteko» kendu dutela Mujika.

Kargu uzte gehiago

Eta ilaran doaz kargu uzteak Osakidetzan. Urriaren 30ean jakinarazi zuten Jaurlaritzak onartu egin zuela Osasun Publikoko zuzendari Miren Dorronsororen kargu uztea; «indarkeria psikosoziala» egotzita, kexak zeuden haren aurka. Lau egun lehenago, urriaren 26an, Larrialdietako zuzendari Txema Unanuek eman zuen dimisioa, haren ardurapeko zerbitzuak bateratzeko asmoarekin konforme ez zegoela eta.

EAEko administrazioan «ibilbide luzea» duen pertsona bat jarri dute Osakidetzako buru, Jaurlaritzak azaldu duenez. Diego Casalsek karguak izan ditu, besteak beste, EITBn eta Kultura Sailean. Egun, Lehendakaritzan zebilen. Zuzenbidean lizentziaduna da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.