Osakidetzak artatuko dituen Gazako sei adingabeen osasun pronostikoa ona da, osasun erakundeak gaur azaldu duenez, baina gerraren arrasto nabarmenak ekarri dituzte: desnutrizioa eta metraila zauriak dituzte nagusiki. Haietako batek tratamendu onkologiko luze bat beharko duela ere jakinarazi dute.
Javier Aiala kardiologia pedriatrikoko medikuak eta Miguel Angel Vazquez ospitalizazio pediatrikokoak ezagutarazi dute egoera, adingabeak artatu ostean. Donostiako ospitalean ikusi dituzten hiru adingabeetatik bat ospitaleratuta geratu da, tratamendu onkologikoa hartzeko. Gurutzetan ikusi dituztenetatik batek erredurak ditu aurpegian, eta kirurgia plastikoa egingo diote.
Haietako beste batek bihotz kirurgia beharko duela jakinarazi dute, baina oso ahul dagoela ebakuntzari aurre egiteko, eta lehenik aurre egin beharko diotela desnutrizioari. Azken horrekin batera etorri dira bost anai-arreba eta familia, eta haien nutrizio egoera ere txarra dela jakinarazi dute, baina osatzeko moduan direla.
Tratamendu onkologikoa behar duenak salbu, gainerakoek ez dute ospitalean egon beharko, ebakuntzako egunak kenduta. Errefuxiatuen aldeko gobernuz kanpoko erakundeek dituzten zerbitzuetan hartuko dute ostatu.
Osasunbideak, berriz, beste adingabe palestinar bat artatuko du.
Munduko Osasun Erakundeak eta Europako Batzordeko Larrialdietarako Erantzunen Koordinazio Zentroak bideratuta iritsi dira adingabe horiek senideekin Euskal Herria. Azken aldi honetan, 29 palestinar ekarri dituzte Europara, eta Espainiako Gobernuak gogorarazi du palestinarrak erietxeetara ekarri dituzten laugarren aldia dela hau. Osakidetzak, guztira, Gazako 21 herritar artatu ditu orain arte.