Azken hilabeteetan egindako mobilizazioei jarraipena emanez, Osakidetzan grebara deitu dute sindikatuek, apirilaren 23rako eta 24rako. Gaur erregistratu dute deialdia Eusko Jaurlaritzak Bizkaian duen ordezkaritzan. Azken mobilizazioetan bezala, bat egin dute sindikatuek: SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuak, ELAk, LABek, SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuak, FFHE Euskadiko Ospitaleetako Medikuen Federazioak, CCOOk eta UGTk.
Sindikatuek aldarrikatzen dute Osakidetzan lanpostuak sortzea lehenetsi behar dela, langileen lan karga arintzeko, eta horrela zerbitzu "duina" eskaini ahal izateko herritarrei. Langileek salatu dutenez, ia 5.000 lanpostu kendu dituzte azken urteetan.
Enplegua sortzeko, hainbat neurri proposatzen dituzte. Bat: 3.000 langileko LPE lan eskaintza publikora deitzea. Bi: ordezkapenak «lehen egunetik» egitea. Hiru: 2011n etendako garapen profesionala berriz martxan jartzea, «soldata ezberdintasunak gainditzeko». Eta azkena, «garrantzitsuena», lanaldia murriztea.