Osakidetzak urtarrilean iragarri zuen 129 milioi euro jarriko dituela datozen hamar urteetan Iurretan (Bizkaia) biltegi berri bat eraikitzeko eta hura kudeatzeko. Bada, zentroa eraiki ostean azpikontratatutako enpresek kudeatuko dute. Sindikatuek hasieratik salatu dute asmoa, eta atzo elkarretaratze bat ere egin zuten. Gaur, baina, pauso bat harago joan dira ELA eta LAB sindikatuak, lehiaketari helegiteak aurkeztu baitizkiote.
ELAk adierazi du gaur egun Osakidetzako langileek kudeatzen dituztela martxan dauden biltegiak, eta salatu du Iurretan egitekoak diren zentroan ez dela hala izango. Hori dela eta, helegitea aurkeztu du Euskal Autonomia Erkidegoko Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoan. Izan ere, ELAk uste du kontratu hori Eusko Jaurlaritzak eta sindikatuek 2011n adostutakoaren aurkakoa dela; urte horretan zerbitzu publikoak ez pribatizatzea adostu zuten, baita pribatizatutako zerbitzuak publifikatuz joatea ere.
LABek ere inpugnatu egin du biltegiaren pribatizazioa ekarriko duen lizitazioa. Sindikatuak uste du lizitazio berri hori Sektore Publikoko Kontratuen Legearen aurkakoa dela, baita 2008an Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakari zela onartu zen 106/2008 arauaren kontrakoa ere. Arau horretan, osasun arloko zerbitzu publikoak ez pribatizatzeko konpromisoa hartu zuen lehendakariak, sindikatuaren hitzetan. Arrazoi berberengatik, hilabete batzuk lehenago ere LABek helegitea jarri zion proiektuari, eta horregatik ari da atzeratzen.
Biltegietako langileen etorkizuna
Sindikatuen kezka nagusietako bat da ea zer gertatuko den gaur egun Osakidetzaren biltegietan lan egiten duten langile publikoekin. ELAk emandako datuen arabera, 180 langilek egiten dute lan zentro logistiko horietan, eta uste du kolokan daudela lanpostu horiek. Sindikatuak gogorarazi du Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak adierazi zuela zentro berriarekin ez dela lanposturik kenduko, baina adierazpen horiek zalantzan jarri ditu sindikatuak, lizitazio berriarekin errealitatea «oso desberdina» baita.
Bestalde, LABek uste du egungo biltegietako langile publikoen lana eta profesionaltasuna mespretxatu egin duela Osasun Sailak. Sindikatuak esan du Eusko Jaurlaritzak uste duela langile horiek ez direla gai lantegi berria kudeatzeko, eta horregatik pribatizatzen duela zerbitzua. Bada, sindikatuak nabarmendu du azken urteetan «normaltasunez» jardun direla halako biltegietan lan egiten dutenak.